BESTELAKOAK

“Parrapean Komiki egunak” topaketak bihartik aurrera, Bilbon

Parrapean-Komiki Egunak jaialdiaren hirugarren edizioa jarriko da martxan bihar bertan, eta urriaren 29ra bitartean luzatuko da. Programazioaren barruan erakusketak, mahai-inguruak, tailer monografikoak, zine proiekzioak, argitaratu diren azken lanen aurkezpenak eta euskarazko komikiaren hirugarren azoka egongo dira.

Ekimenaren ateak hiru erakusketaren inaugurazioarekin zabalduko dira. Bat, Cavall Fort eta Xabiroi aldizkariei buruzkoa (Santutxuko udaltegian); beste bat, Irkus M Zeberio & Marlene Krausen lanen aukeraketarekin (Begoñako udaltegian); eta hirugarrena, Antton Olariaga marrazkilari eta ilustratzaile gipuzkoarraren ibilbidea erakutsiko duena (Begoñako Liburutegian).

Zine emanaldiak ere ez dira faltako, eta hala, FANT eta Zinebiren azken edizioetan parte hartu duten animaziozko film laburren emanaldia ere programatu da. Horrez gain, ostiralean, arratsaldeko 18:30etik aurrera, Karmelo plazak Suhar Presten Paradoxa zirku ikuskizuna jasoko du, eta larunbatean, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik Zuberoako dantzen erakusketa, bertso-saioa (Miren Amuriza, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia) eta erromeria antolatu dira.

Datorren astean, urriaren 26an eta 27an, Begoñako liburutegiak Danbalahara! Euskal onomatopeiekin lanean izeneko komiki tailerra jasoko du Irkus M Zeberio eta Marlene Kraus egileekin. Azkenik, urriaren 28an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, mahai-ingurua interesgarri bat programatu da. Bertan, Xabiroi eta Cavall Fort elkartuko dira.

Gogoratu, azken egunean, urriaren 29an, Santutxuko Karmelo plazan, euskarazko hirugarren komiki azoka abiatuko dela. Gainera, eguerdiko 12:00etan, Parrapean 2016 lehiaketan euskaraz egindako komikiaren sariak banatuko dira, eta Antton Olariaga marrazkilariari ohorezko saria emango zaio.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button