LITERATURA

Hilobiratu guztiak ez dira lurpean betiko geratzen

Alberdania argitaletxeak Francisco Castroren Isiltasun urte luzeak izeneko eleberria plazaratu du. Atzo, Donostiako Udal Liburutegiko Jarduera Aretoan, Mitxel Murua itzultzaileak, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak, eta Francisco Castro idazle galiziarrak Isiltasun urte luzeak eleberriaren aurkezpena egin zuten. Eleberri hau, aldi berean, galegoz (Galaxia argitaletxea), euskaraz (Alberdania), katalanez (Capital Books) eta gaztelaniaz (El Rayo Verde) argitaratu da.

Alberdaniak ondo ezagutzen du egilea Castroren beste bi liburu argitaratu baititu. Mitxel Murua obraren euskaratzailearen ustetan, “estilo aldetik, eleberri ausarta da, oso ere ausarta esango nuke. Hainbat plano ezberdinetan kontatzen zaigu narrazioa, eta zorrotz kontrolatu behar izan du egileak plano horietako bakoitzean zer eta nola kontatzen den, irakurlea behar eroso eramateko historia korapilotsuan zehar”.

Castroren eleberriak memoria demokratikoa berreskuratzeko ahaleginari egiten dio ekarria. Egileak berak honakoa dio, “ertz ugari duen historia poliedriko bat eraiki behar nuela ikusten nuen argi. Lehen-lehenik, bi biolentzia modu zeharo ezberdinak ageri dira: Anxelak bere senarrarengandik jasan duen indarkeria matxista, batetik, eta gerra zibilaren hastapenetan Galizian, beste leku askotan bezala, pairatu zuten mendeku itsuarekin lotutakoa, bestetik. Horrekin batera islatu nahi izan dut narrazioan gertakizun tragiko berari buruz inplikatu bakoitzak duen begiratzeko era zeharo ezberdina ere”.

Idazleak agerian jarri nahi izan du, 1936tik gure egunetara datorren bidaia baten bidez, nola gainditu dituen faxismoak garaiak eta mugak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button