MUSIKA

Hil honetan musika, literatura, eta antzerkia, Larrabetzun

Denetarik programatu dute Larrabetzuko lagunek hil honetarako. Hala, musikaz, literaturaz eta antzerkiaz gozatzeko aukera izango da herrian datozen egunotan.

Lehenengo hitzordua bihar bertan izango da, ekainaren 7an. Joseba Irazoki eta lagunak bilduko dira herri horretako Hori Bain kontzertu bizia emateko xedez, 21:00etatik aurrera.

Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak 2014an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa. Bada, egitasmoaren buru Irazoki lagunekin bildu da berriz ere Zu al zara? izenburuko lana grabatu eta argitaratzeko. Bigarren disko hori ere Bidehuts markapean atera da.
Bidehuts plataformaren arabera, “azal askotan ezagutu duzu Joseba Irazoki. Do izenpean, Joseba Irazoki bakarka, are bakarrago Oso Banda gisa, hamaika proiekturen lagun, izan Atom Rhumba edo Nacho Vegas, edo Pettirekin… Baina Joseba Irazokiren beste aldaera bat lagunekin bildu eta sortutako kantuak janzten dituenekoa da… Horrela datorkigu oraingoan, bigarrenez, Joseba Irazoki eta Lagunak. Disko berria prest”.
Bigarren diskoa grabatzeko, Irazoki hiru lagunekin aritu da estudioan: Ibai Gogortza, Jaime Nieto eta Felix Buff. Grabazioaz eta ekoizpenaz Joannes Buff arduratu da, aurreko diskoan bezala.

Datozen asteotako hitzorduak honakoak dituzue: Ertzak (ekainaren 16an,18:30ean, Hori Bain); Lauhazka eta Ezpainetakoa (ekainaren 20an,19:00etan, Angulerin), eta Zazpi senideko (ekainaren 22an, 22:00etan, Hori Bain)

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button