ESZENA

Hil honetan, antzerki guztia Bilboko Pabilioi 6 aretoan

Programazio interesgarria atondu du urtarrilean Pabilioi 6k. Aste honetan bertan, 2tik 6ra bitartean, Cabaret Chihuahua lan arrakastatsua ikusteko aukera bikaina izango da.

“Viva México, carajo!! oihu jalapeñarra entzungo dugu berriz Cabaret Chihuahuan, abesti, dantza eta barre algaraz osatutako entxilada; ahoan bilorik gabe egindako musikala; bizi pozaren corridoa; zoriontasun ulu gartsuaz amaitzen dena. Krisi garaiotan gogo txarraren kontrako festa, makroekonomiaren baitako iruzurgile eta haien tranpa zekenek eragindako amorrua arintzeko errezeta. Bizi-bizi gaudela ospatu dezagun!”

Datorren astean abiatuko den beste ikuskizun bat Ocaña izango da. “Bartzelona. 70eko hamarkada. Francoren diktaduraren azken urteak dira. Jose Perez Ocaña margolari sevillarrak borroka bati ekingo dio: bere margolanak ezagutaraztearekin batera, mundua bera aldatu nahi du. Politikan eta homosexualen eskubideen aldeko borrokan egindakoak bezain sonatuak izan ziren, behin Bartzelonara joandakoan, Rambletan bizitako hainbat pasarte. Berpiztu egin da orain Ocaña. Ahanzturaren itzaletik atera, eta guztiok kontutan izan beharko genukeen historia taularatzera dator Ocaña”. Bertan Itziar Lazkano, Mikel Losada, Unai Izquierdo eta Diego Perez arituko dira.

Eta hilabetea amaitu baino lehen, urtarrilaren 27an, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Elias, Oier Guillan eta Mikel Ibarguren aktoreek Käffka izeneko obra taularatuko dute. “2049. Urtean, gizakiak planetaren baliabide naturalak agortu ditu. Bizi iraun ahal izateko lasterketa bortitz honetan produktibitateak gain hartu die. Botere egarria ase ezina da eta mundu materiala konkistatzea bide bakarra. Sistemarentzako, nerabezaroa kontrolatu beharreko etapa bat da, horretarako nerabeek heziketa berezia jasotzen dute. Pasioak ez du lekurik gizarte berri honetan, eragin ditzakeen arriskua eta kaosa ekidin nahian sortu dira, Käffka eremuak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button