MUSIKA

Hibai Etxebarria musikariak “TripTics” proiektuaren bigarren emaitza kaleratu berri du

Hibai Etxebarria musikari eta konpositoreak duela bi urte hasitako TripTics proiektuaren bigarren emaitza kaleratu du egunotan, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik.

Etxebarriak bere unibertso musikal zabalaren alderdi ezberdinak erakusten ditu egitasmo honetan, eta oraingoan, pianoan oinarritutako kantuak eta konposizioak dakartza, jazz hirukote formatuan, hain zuzen. Bere piano eta teklatuei laguntzen, Ander Garciaren baxua eta Carlos Sagiren bateria ditu lagun Etxebarriak.

Aurrekoan bezala, kantuak hiru multzotan banatzen ditu. Hala, Euskarazz eta Bouquet triptikoek osatzen dute diskoaren bizkarrezurra. Lehenengoan, giro bukolikoa ezartzen duen harmoniumaren sarrera instrumental baten ostean, azken hamarkadetan euskal kantagintza berritu duten Pier Paul Berzaitz, Mikel Urdangarin edota Benito Lertxundik jorratutako ildoarekin lotzen diren konposizioak eta doinuak aurkituko ditugu. “Kantu sendoak eta boteretsuak dira. Kontrastean, pianoak eremu arin eta jolasti batera eramaten gaituena”, azaltzen dute Gaztelupe Hotsak argitaletxetik.

Bouquet osatzen duten hiru abestiak Loraldia jaialdirako beren-beregi sortutakoak dira, eta horietako bakoitzak lore bati egiten dio aipamen. “Bere sendiari eskainitako abesti sentikor batek irekitzen du triptikoa (Pagotxa), eta frantsesez eta ingelesez abesturiko kantu banak osatzen dute”,  azaltzen dute diskoetxeko arduradunek. “Hiruko honetan orkestraren presentzia apalagoa da eta kantuaren pisu nagusia hirukotearen gain geratzen da. Ondorioz, giro bilduagoak (Lotus noir) eta jazzeroak (To a pale orchid) aurkituko ditugu, diskoari amaiera ematen dion abestiaren ildo berean”. Eta  Maite zaitudalakoan nago konposizioak,  Etxebarriak bakarka jotako jazz-blues alea da, Tom Waitsen hasierako garaia gogora ekartzen duena.

Informazio osoa, Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak duen web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button