MUSIKA

Zea Mays, harro eta fresko

Zea Mays laukote bilbotarrak Harro izenburuko lana aurkeztu du gaur goizean, taldea eratu eta 19 urte igaro direnean. Izan ere, taldeak 20 urte beteko ditu 2017an eta ibilbide luze hori harrotasunez ospatu nahi izan du. “Harro gaude egin dugunaz, garenaz eta ondoan ditugun lagunak ezinbestekoak dira gure jardunean”, esan du Aiora abeslariak. Disko “berezi” hau argitaratzeko taldeak Garden Records izenburuko diskoetxea ondu du, “taldearentzat baino ez”.

Diskoan oinarri programatuen, teklatuen eta sintetizadoreen protagonismoa hazi egin da. Oraingoan ere, Dave M. Allen ekoizlearekin aritu da taldea, Da aurreko lanean bezala. “Formula bera errepikatu dugu, Dave, Jose Lastra soinu-teknikaria, bosgarren Beatle-a, eta Tio Pete estudioa”, azaldu du Aiorak.

Halere, badira ezberdintasunak aurreko lanarekin alderatuz. Batetik teklatuen eta sintetizadoreen presentzia, zeinak Doctor Deseoko Raul Lomasek sartu dituen. “Kantu batean parte hartzeko etorri zen estudiora, eta hurrengo egunean atera zen, erabat esplotatu genuen”, esan du Aiorak umoretsu. Lomasen teklak lau kantutan entzuten dira. “Sintetizadoreek espazio asko betetzen dute, eta kantuotan beste modu batera abestu behar izan dut”, nabarmendu du Aiorak.

Horrekin batera, konposatzeko maneran izan da  desberdintasunik handiena. Izan ere, orain arte inoiz erabili ez zuten prozedurari heldu diote; hots, programatutako oinarriak grabatu, entzun eta gero, moztu-eta-itsasi metodoaren bidez, eta gainerako elementuak erantsi. “Teknologian sakontzen saiatu gara, bitarteko teknologiko gehiago erabili ditugu, freskotasuna mantentzeko eta gauza ezberdinak egiteko asmoz, bai eta monotonia saihesteko ere, gero hori guztia zuzenean islatzeko lanak izango ditugun arren”, azaldu du Piti gitarra-jotzaileak.

Azpimarratzekoda Love of Lesbian taldeko abeslari Santi Balmesen partaidetza ere, Orain kantuan, zeinak euskaraz abestu duen eta bere kabuz grabatu duen Bartzelonako estudioan. Emaitza bikaina da. “Love of Lesbian nire obsesoioetako bat da eta lagun baten bitartez Santirengana iritsi ginen. Orain nire xedea Santi ezagutzea da, aurrez aurre”, esan du Aiorak.

Emaitza lan melodikoa eta dantzagarria da, ñabardura elektronikoz jantzia. Kantuak, gainera, inoiz baino laburragoak eta biziagoak dira.

Taldeak azaroaren 12an aurkeztuko du diskoa Bartzelonako Razzmatazz aretoan; 16an, Madrilgo FNAC Callao saltokian izango dira; 26an, Iruñeko Zentralen; abenduaren 1ean, Gasteizko Jimmy Jazzen;  3an, Durangoko Plateruenan; 10ean, Baionako Zizpa gaztetxean, eta azkenik, 15ean, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean.

Kontzertu sorpresak

Aipatutako emanaldiak egin baino lehen, asteburu honetan hiru kontzertu egingo ditu taldeak areto txikietan, ostiralean, larunbatean eta igandean. Kontzertuok aurreko gauean non izango diren iragarriko dute sare sozialen bidez. Azkenik, 2017ra begira, taldearen 20. urteurrenean, makina bat sorpresa prestatzen ari dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button