BESTELAKOAK

Euskara eta herri–kulturgintzaz, Lekeition eta Durangon

Euskararen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Lekeitioko Udalak larunbat goizerako, Euskaraz, bestela ez gara lemapean. Goi mailako hiru hizlariren bitartez (Fermin Etxegoien, Jon Sarasua Maritxalar, Joxerra Gartzia Garmendia) euskararen inguruan hausnartzeko tartea hartuko dute egun horretan, herriko Kultur Etxean, goizeko 10:00etan hasita eta eguerdiko 14:00ak arte.

Euskaraz, bestela ez gara jardunaldiak, Lekeition euskararen erabilerak izan duen beherakadaz kezkatuta antolatu den ekimenetako bat da.

Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) artikulugile, idazle, kazetari eta irrati esataria izango da lehena. Euskararen erraztasunaren mitoaren inguruko hausnarketa plazaratuko du. Bere ustetan, euskararen erabilera ez doa gora, euskararen ezagutza ere ez doalako gora, izan ere, mito berri bat sortu delako, euskara hizkuntza erraza dela.

Jon Sarasua Maritxalar (Aretxabaleta, 1966) bertsolaria eta Arrasateko HUHEZIko irakaslea izango da jardunaldietako bigarren hizlaria. Honek Hiztunpolisaz berba batzuk eskainiko ditu. Euskararen loraldi modernoan bost hamarraldi egin eta gero, nola goaz? eta, nora goaz? galderak egiteko unean gara. Ez da erraza erantzutea, ur nahasiak baitatoz hainbat arrazoirengatik. Hala ere, hurrengo pausoak pentsatzeko oinarri batzuk eta ekintzarako ideia organiko batzuk eztabaidatzea posible da, esku artean daukagunarekin.

Azken hizlaria Joxerra Gartzia Garmendia (Legazpi, 1953 ) izango da, euskal idazlea, kazetaria eta EHUko irakaslea. Honek sinplea dirudien galdera batekin hasiko du bere solasaldia. Zertarako balio du euskarak? Gartziaren ustez, euskarak berak ez badio hiztunari hobeto bizitzeko balio, eta kontuan hartuta gaur egun ez dagoela euskarazko elebakardunik, hiztunak zerbitzu hori egiten dion beste hizkuntzara joko du egoerak hala eskatzen dion aldiro.

Eguerdiko 13:00etan, hiru hizlarien artean egindako mahai-inguru bati emango zaio hasiera.

Beste aldetik, Berbetan jardunaldia antolatu du Plateruenak. Herri-kulturgintzaren esperientzia trukea lemapean abiatuko dira bi hitzordu. Otsailaren 20ean Hedoi Etxarte (Katakrak) eta Leire Lopez Ziluaga (Gernikako Astra) arituko dira, eta 27an, Eneko Etxegarai (Euskal Herria Zuzenean Festibala), Kepsa Urbieta (Azpeitiko Kultur Mahaia) eta Manex Agirre (Hala Bedi).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button