Nontzeberri

“Herrien Arteko Folklore Jaialdiak” musika eta dantzaz jantziko du Barakaldo

Barakaldoko Ibarra-kaldu elkarteak  antolatuta, Herrien Arteko Folklore Jaialdiaren azken ekimenak eskainiko ditu datozen egunotan. Izan ere, pasa den azarotik, jaialdiak askotariko ekitaldiak eskaini ditu, bertso saioak direla, dantza emanaldiak, kantu paseoak, antzerki  ikusgarriak, euskal folk musika kontzertuak, hitzaldia edota  aurreko edizioetako jaialdien argazki erakusketa, besteak beste.

Asteburuan, egitarauaren azken txanpan sartuta, Musika eta Dantza egunak ondu dituzte bihar eta etzi, Barakaldoko Antzokian arratsaldeko 19:30etik aurrera. Hala, abenduaren 6an, bihar bertan, Musika Egunaren harira, Barakaldoko Kilika Bertso Eskolako bertsolarien saioaren ondoren, Laguntasuna dantza taldeko fanfarreak girotuko du antzokiaren ataria, elkarte horren 70. urteurrenean. Ondoren, Ceo Do Sil  Barakaldoko Galiziar Etxeko gaita taldeak hartuko du oholtza; eta galiziarrek, era berean, Mallorkako Pollençatik datozen Xeremiers Orats taldeari emango diote txanda, Balear irletako xeremia eta flabiol musika tresna tradizionalen erakustaldia emateko.

Larunbatean, aldiz, dantza izango da protagonista. Hala,Tarragonako Esbart Dansaire eta Lleidako Santa Maria De Mijaran dantza taldeak izango dira protagonista nagusiak. Eguraldia lagun bada, taldeek kalejira txiki bat egingo dute antzokiaren inguruko kaleetan, 19:00etan hasita.

Informazio osoa duzue, Barakaldo Antzokiaren web orrialdean.

Exit mobile version