IKUS-ENTZUN

Alfred Hitchcock-en Vertigo filma, San Telmo Museoan

Gaur berton, hilak 18, Alfred Hitchcock zuzendari klasikoaren Vertigo (1958) pelikula pantailaratuko dute San Telmo Museoan, 22:00etan. Emanaldia Hitchcock, suspensetik harago izeneko erakusketaren inguruko jardueren barruan programatu da. Pelikula jatorrizko bertsioan ikusiko da, eta azpititulatua euskaraz.

Vertigo klasikoan izar talde handiak hartu zuen parte: James Stewart, Kim Novak, Henry Jones, Barbara Bel Geddes, Tom Helmore, Raymond Bailey, Ellen Corby eta Lee Patrick. Filmaren sorburua Pierre Boileau eta Thomas Narcejac idatzitako Sueurs froides: d’entre les morts izeneko nobela da.

1958ko Donostiako Zinemaldian mundu mailako estreinaldia izan zen, eta hasierako garaietan filmarekiko interesa oso txikia izan zen arren, gaur egun, balio handiko filmtzat hartzen da AEBetako filmografiaren barruan. Oscar sari bi eskuratu zituen.

Filmaren sinopsia hala laburbildu daiteke: “Scottie Fergusson (James Stewart) San Franciscoco poliziako detektibea da eta zorabioak ditu. Lankide bat erlaitzetik behera erortzen denean, gaizkile baten atzetik dabilenean, Scottiek erretiroa hartzea erabakitzen du. Gavin Elster-ek (Tom Helmore), eskolako aspaldiko lagunak, Fergusson kontratatzen du bere emazte Madeleine (Kim Novak) jarrai dezan, bere iraganarekin obsesionatua dagoen emakume ederra”.

Guztira, hiru film eskainiko dira Hitchcock, suspensetik harago erakusketaren kariaz. Beste biak The Birds (1963) eta Psycho (1963) klasikoak izango dira. Lehena uztailaren 29an ikusi ahalko da, eta bigarrena abuztuaren 26an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button