BESTELAKOAK

Sarean eta euskaraz trebatzeko, ikastaro sorta oparoa Nafarroan

Sarean Euskaraz euskarazko kultura digitalari bultzada eman eta ezagutarazteko asmoz Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutoaren bitartez antolatutako ekimenarekin, azaroan ere izango da sarean eta euskaraz trebatzeko proposamenik.

Iruñeko lau tailerrak ez ezik, herrialdeko 16 herrietara ere zabaldu da ikastaro sorta biltzen duen zikloa, orotara 20 ikastaro,  Informazio eta Komunikazio Teknologien ingurukoak bost alorretan: YouTube, blogak, musikagintza, robotika eta pribatutasuna, hain zuzen.

Gainera, gai edota teknologia alor horietan eskarmentu handiko profesionalak arduratuko dira ikastaroak bideratzeaz, beteak beste, Aitor Gametxo zinegilea, iAmetza enpresa, Dj Makala, ProtoMakers kluba, eta Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea elkarteko kidea.

Era berean, formazio xede izango dira Youtuber izateko mila modu: bideo-edizio ikastaro-lantegia; (Elizondo, azaroak 8 eta 9); blogetan eta, oro har, sare sozialetan komunikatzeko kontuan hartu beharreko teknikak eta gakoak latzeko tailerra (Atarrabian, azaroak 6 eta 13; eta Donezteben, azaroak 7 eta 14); musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Tafallan, azaroak 8; eta Iruñean, azaroak 9).

Robotika eta automatizazioan murgiltzen hasteko tailerra, aldiz, lau herritara zabalduko da: Antsoainera (azaroak 4 eta 11);  Barañainera (azaroak 6 eta 13); Berara (azaroak 7 eta 14) eta Iruñera, azaroak 8 eta 15. Eta pribatasunaren gaia jorratuko da Agoitzen eta Iruñean, azaroaren 8an eta 9an.

Saioak, nagusiki, 12 urtetik gorako gazteengan pentsatuta diseinatu badira ere, “eurak direlako IKTen erabiltzaile aktiboenak”, antolatzaileen esanetan,  gaian interesa duen hiritar orok ere har dezake parte.  Horretarako, baina, sarean duten webgunean aurrez izena eman beharko da. Hementxe: sareaneuskaraz.eus

Azkar ibili, plazak mugatuak dira eta ikastaroak datorren astean hasiko dira eta!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button