LITERATURA

Hektor Ortegak “Tretatxu, lapurren gobernadorea” aurkeztuko du Bilbon

Hektor Ortega historiagile bilbotarraren azken saiakeraren aurkezpen ekitaldia ondu da, bihar, urriaren 18, ostegunean, Bilboko Bidebarrieta Udal Liburutegian.

Hektor Ortega (Bilbo, 1966) idazlea, editorea, kazetaria eta historialaria da, eta saiakera honetan literatura eta historia uztartzen ditu. Tretatxu, lapurren gobernadorea liburua, Bautista Landa (1716-1761), Tretatxu ezizenez ezagutua izan zen  bidelapur bizkaitar ahaztuari buruzko saiakera biografikoa da. Gaizkile gisa izan zuen ibilbidea laburra bezain bizia izan zen, eta gaur egunera arte iraun duen dokumentazio judizial handia utzi zuen. Dokumentazio horretan oinarrituta, Hektor Ortegak Tretatxuren bizitza irudikatzen du, eta, interesgarria den eztabaidarako gaia aurkezten du: Existitu al da bidelapur soziala Euskal Herrian?.

Bautista Landa, Larrauriko baserritarra izan zen. Baserria eta soroko lana utzi eta bidelapur bilakatu zen. “Garai hartan bidelapur izatea endemikoa zen, baserritarrak bazter uzten zituen gizarte arloko krisi handia baitzegoen”, idazlearen aburuz. Tretatxu legez kanpo egon zen  1751 eta 1753 bitartean, Azkoitian harrapatu zuten arte. Atxilotu, epaitu eta heriotzara zigortu zuten. Valladolidera eraman zuten, eta zortzi urte geroago hil zen kartzelan. “Bere gorabeherei buruzko dokumentazio asko kontserbatu da, eta baita kopla herrikoiak ere, folklorearen barruan. Bizkaiko lapur guztien gobernadorea izenez ere ezagutzen zen”.

Aurkezpen ekitaldia euskaraz izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, 19:30ean. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus aurkezpena zuzenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button