BESTELAKOAK

Makina bat kontu hil honetan, Markina-Xemeinen

Aurreko asteburuan hasi dira hil honetako ekimenak Markina-Xemeinen, eta hala, urriaren 7an, Asier Sota artistaren Collage erakusketaren inaugurazioa izan zen. Erakusketa ikusgai izango duzue azaroaren 4ra arte, eta egun horretan bertan, collage tailerra eskainiko du Asier Sotak berak.

Aste honetan, barikuan, Beltzak eta beltzen tratulariak Iberiar penintsulan: historia isildua izeneko solasaldia antolatu da, Uhagonen. Jesus Cosano (Kordoba) kultur ekoizle, margolari eta idazleak Iberiar penintsulan bizi izan ziren emakume, gizon eta haur afrikarrez hitz egingo du.

Urriaren 20an, beste hitzaldi bat: Cádizko Damari Bertsoak. Errealistek San Martin Muruan ospatutakoaren eta konstituzio liberalaren aurka Juan Jose Mogeleri egotzitako bertsoen 200. urteurrenaren liburu aurkezpena eta hitzaldia. Bertan, Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Altzibar eta Jabier Kaltzakorta bilduko dira.
Hurrengo egunean, Hika teatroak eta Oinkari dantza taldeak Gazte kaleko dantza ikuskizuna egingo dute. Gazteekin egina, gazteak mintzo eta mintzagai eta publiko orori zuzendua.

Urriaren 27an, Peru Abarka 2023ko Album lehiaketaren aurkezpena antolatu da. Edizio honetako liburu irabazlea Puta gorda izan da, eta Yolanda Larreategui egilea. Helena Azkarragaurizar izan da ilustratzailea.
Hurrengo egunean, Memoria Bertsotan izeneko saioa programatu da. 1936ko gerratean izandako bost pasarte edo gertaeren kokalekuen inguruko azalpenak izango dira bertsotan eta berbaz, Markina- Xemeingo Bertso Eskolako gazteen eskutik.

Eta azken egunean, Mendi Tour ekimenaren bisita izango da herrian, eta hainbat film pantailaratuko dira, tartean, Iretargi, Yhabril. El buscador de luz, Agur Artzai eta Ephemeral.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button