Nontzeberri

Hego Koreako zine garaikideari buruzko zikloa ondu du Bilbaoarte zentroak

Bilbaoartek, Madrilgo Koreako Kultur Zentroarekin elkarlanean, IV. Hego Korear Zinema erakustaldia ondu du sei filmen estreinaldiarekin. Zikloa gaur hasiko da, Jang Hoon zuzendariaren The Front Line (2011) eta Lee Jae-Gyu zinegilearen The Fatal Encounter (2014) filmen emanaldiekin, 16:15etik aurrera. Biak ala biak berriro pantailaratuko dira, ekainaren 21ean eta 19an, hurrenez hurren.

Bilbaoarteren arabera, “Azken urte hauetan gure merkatuan estreinatutako lanik hoberenak proiektatu ditugu. Art House Zinemako aretotik igaro izan dira pelikularik sarituenak, jada mundu mailako zinematografian oinarrizkoak diren tituluak, eta Park Chan-Wooken lanari atzera begirako ziklo bat eskaini diogu ere. Oraingo honetan aukeraketak interes berezi bat izango du, Euskal Herrian lehen aldiz erakutsiko diren sei pelikulaz osatuta dagoelako programazioa”.

Bihar, beste bi film aurkeztuko dira: Clown Of A Salesman (Jo Chi-Un, 2013) eta A Hard Day (Kim Seong-Hoon, 2014). Azkenik, ostegunean, The Suspect (Won Shin-Yeon, 2013) eta Kundo: Age Of The Rampant (Yun Jong-Bin, 2014).

Azken lau film horiek ere berriro pantailaratuko dituzte hil honetan. Informazio gehiago: bilbaoarte.org.