MUSIKA

Biggot eta Guadalupe Platak musikaren eguna ospatuko dute Donostian

Atzo, ekainak 21, izan zen Nazioarteko Musikaren Eguna, eta data berezi hori ospatzeko asmoz, bihar, ekainak 23, Donostian kontzertu interesgarria izango da. Emanaldian Biggot, Guadalupe Plata, Polaroid eta Lolas club taldeek joko dute Loiola kalean. Ospakizuna FNAC dendak atondu du Donostikluba eta Kutxa Kultur Zirkuituarekin lankidetzan.

Lolas Club Donostiako taldeak Uno izenburuko estreinako lana aurkeztuko du. Diskoak rock kutsuko hamar kantu itsaskor eta sendoak biltzen ditu. Polaroid laukote donostiarrak, halaber, oraintsu kaleratu duen The Escapist diskoko doinuak joko ditu. Gipuzkoarrek emozioz beteriko tarte ilunak jorratzen dituzte.

Gainontzeko bi taldeak Andaluziatik eta Aragoitik datoz. Izan ere, Guadalupe Plata Ubeda hirikoak dira eta blues elektrikoa jotzen dute, andaluziar kutsuko letra minimalekin uztartuta. Orian arte, LP bat eta 10 hazbeteko beste disko bat plazaratu dute. Etengabe ari dira jotzen bai hemen bai kanpoan.

Biggot, bestalde, Zaragozako Borja Laudo musikariaren goitizena da.  Bill Callahan edo Will Oldham artista estatubatuarren antzera, folka eta rock nahasten ditu bere kantuetan. Ingelesez abesten du.

Biggotek 20:15ean joko du; Guadalupe Platak 19:00etan; Polaroidek 18:00etan eta Lolas Clubek 13:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button