Nontzeberri

Haur eta gazteei arte eszenikoak gerturatzeko eskola-programa, Getxon

Aste honetan bertan eta arte eszenikoak gerturatzeko asmoz, eskola-programa berezia jarriko da abian Getxoko Muxikebarri zentroan. Apirilera arte, bertako LHko 5. Eta 6. eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleei begira atondu den programaren barruan, 700 bat ikaslek bi antzezkizunez eta opera-entsegu batez gozatzeko aukera izango dute.

Programa  otsailaren 28an hasiko da Eidabe konpainiaren Mari eta gaileta fabrika antzezlanarekin. Galder Perezen testua duen lan horrek “berdintasuna eta parekotasuna jorratzen ditu eta, aldi berean, egungo belaunaldiei bidea urratu zieten emakume langileei omenaldia egiten die”. Ainhoa Artetxe, Nagore Gonzaleze eta Itxaso Paia dira aktoreak Olatz Gorrotxategik zuzentzen duen obran. Saioa amaitu ondoren solasaldi laburra izango da bertan eta ikasleek aktoreekin hitz egiteko aukera izango dute eta beren esperientzia profesionalak ezagutu.

Martxoaren 6an musikak hartuko du lekukoa W. A. Mozarten Don Giovanni operarekin. Ópera 2001 konpainiak egingo du ikuskizuna eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek entsegu nagusiaz gozatzeko aukera izango dute.
Programa apirilaren 3an amaituko da Yarleku antzerki-talde nafarraren Etxerik txikiena antzezlanarekin. Lan horretan “haur errefuxiatuek haien jaioterritik alde egiterakoan bizi duten ezbaia jorratzen du, haien helmuga zein izango den ez dakitenean”. Obra horrek iaz jaso zuen FETEN antzerki-azokaren Emakumezko aktore onenari emandako saria.

Ikasleei zuzendutako goizeko saioez gain, ikuskizun hauek guztiak orotarako publikoarentzat izango dira egun eta leku berean, arratsaldeko 18:00etan.

Exit mobile version