MUSIKA

Mikel Uraken musikari bilbotarraren kontzertua, Gasteizen

Bihar, otsailak 22, eguerdiko 13:00etan, eta Gasteizeko Vinylora espazioan, Mikel Uraken kantariak kontzertua eskainiko du.

Duela pare bat urte, Mikel Uraken musikari bilbotarrak Izaki bizidun berriak izenburuko bigarren lana plazaratu zuen. 2015ean argitaratu zuen santutxuarrak lehenengo lana, Neguaren ostean, bakarrik grabatu zuena. Bigarren urrats hau, ordea, taldearekin grabatu zuen, hirukote formatuan, Gorka Pardo baxu-jotzailearekin eta David Tobal bateria-jotzailearekin.

Disko hark post-hardcoretik eta noise-rocketik edaten duten zortzi lehergailu elektriko biltzen ditu. Doinuotan intentsitate handiko eztandak eta paisaia geldoagoak uztartzen dira, Urakenen ahots pertsonalarekin jantziak. Grabazioan aurreko lanaren arrastoak nabaritzen dira, lausoki, ahotsetan batez ere, lan hau talde lana baita, ez kantautore baten ahaleginaren emaitza. Lan horretan talde bat entzuten da, erritmo sendoak jaurtitzen dituena, baina ahots tonu ezberdinekin uztartuak. Bigarren lan hura Garate estudioetan grabatu zuen, Ander Barriuso teknikariaren gidaritzapean. Hitzen harira, Gorka Erostarbe, Aiert Goenaga eta Gotzon Barandiaranenak erabili zituen.

Nontzeberrik eginiko elkarrizketa batean hala esaten zuen Mikelek: “Abesti bakoitzak badu bere izaera…batzuetan hitz gehiago eskatzen dute, eta besteetan, berriz, ez horrenbeste. Egia da hemen Euskal Herrian badagoela hitz luzeekin abestiak egiteko joera, baina lehen aipatu dudan bezala, nire ildo propioa jarraitzen dut, eta nahiago dut hitzen sonoritateari garrantzia eman, edukiari baino. Azken finean, ez naiz idazlea, musikaria baizik, eta ahotsa erabiltzen dut beste instrumentu bat izango balitz bezala. Batzuetan, ez dut ezta hizkuntza bat ere erabiltzen, onomatopeiak erabiltzen ditut, eta nik asmatutako eta inprobisatutako hitzak. (…) Kontzertu batzuk eman ditut disko berriaren errepertorioarekin, eta sumatu dut jendea konturatu dela disko hau askoz pertsonalagoa dela, eta orijinalagoa, aurrekoarekin konparatuz, eta, nolabait, nire bide propioa aurkitu dudala. Pozik nago iritzi horrekin, azken finean, gauza bera uste baitut. Musikari baten eta bere publikoaren artean adostasuna dagoenean, izugarrizko gozamena da”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button