LITERATURA

Harkaitz Canok bere azken eleberriaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztuko du

Gaur, maiatzak 15, Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean, Harkaitz Cano idazleak Fakirraren ahotsa (Susa) lanaren gaztelaniazko bertsioaren aurkezpena egingo du. Seix Barral argitaletxeak argitaratu du, La voz del faquir izenburuarekin. Topaketa Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan egingo da, arratsaldeko 19:30ean, eta Goizalde Landabaso kazetari eta idazleak aurkeztuko du.

“Imanol Lurgainek bere gitarra besarkatu eta bere ahots bikaina, diktadurari aurre egiteko sortu berri den ETAren borrokaren esku jarri du. Fakirra ezizena duen Imanol gizon esanguratsua izan zen politikan, maitatua eta gorrotatua, bere kontzientziaren eta gertakari lazgarri baten ondorioz bizitzaren alde eta egun batean bera kide izan zen erakundeak aurrera zeraman indarkeriaren kontra agertu zenean. Bere garaiari eta idealei ahotsa jarri gura izan zien artistaren istorioa da, ezagutu zituen emakumeena eta leial izan zitzaizkion musikariena; sortu zituen abestiena eta azkenean bizkarra eman zioten entzuleena. Eta, beste ezer baino gehiago, askatasunari eta geure buruarekin dugun konpromisoari buruzko eleberria da”.

La voz del Faquir eleberria egiazko gertakarietan oinarritu, eta Imanol abeslariaren bizitzan modu librean inspiratzen da. Harkaitz Cano horretaz baliatzen da fikzioaren bitartez demokrazia aurreko urteak eta 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara Euskal Herriak bizi izan zuen trantsizio berezia islatzeko, arteak eta kulturak gizarte aldaketarako tresna gisa dituzten mugak aztertzen dituen bitartean. Belaunaldi baten ilusioei eta etsipenari buruz berba egiten duen eleberria da.

Harkaitz Cano (Donostia, 1975) euskal idazle onenetakoa dugu, zalantzarik gabe. Bere lan asko itzuliak izan dira, eta hala, Jazz y Alaska en la misma frase (Seix Barral, 2004), El filo de la hierba (2006) eta Twist (Seix Barral, 2013) gaztelaniaz ere irakur daitezke. Azken lan horrek Euskarazko Kritikaren Saria, Euskadi Literatur Saria, Bizkaiko Liburu saltzaileen Saria eta Irakurleen Beterri Saria jaso zituen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button