ARTEA

Irudiaren sorginkeriak

Jesus Maria Corman artistak Menlancholia izeneko argazki-erakusketa abiatu du Zarautzeko Photomuseumen. Lan iradokitzaileak urriaren 14tik azaroak 29ra bitartean izango dira ikusgai.

Melancholia proiektuaren obrak ia kasualitatez sortu ziren, sarean topatutako Victoriar eta Edwardiar garaiko goi-klaseko ingelesen erretratuetatik abiaturik. Gero mota guztietako irudi-bildumetan arakatze-lana etorri zen, eta artistak bilduma partikularretik hainbat obra ere erreskatatu zituen. Eta hortik sortu zen obsesioa: duela mende bateko begirada aztoragarria duen erretratu batetik abiatuta,  beste erretratu bat sortzea. “Erretratu ezberdina, baina orainaldian sortua eta asaldatzailea izaten jarraitzen zuena. Erretratu fotografiko originalaren lengoia, pinturaren eta halabeharrak sortutako arte abstraktu garaikidearen hizkuntzarekin erlazionatzen hasi nintzen. Emaitza, originala bezain kezkagarria izan zedin ahalegindu nintzen. Eta geroago,  pintura-lan horiek benetako proiektu bihurtu zirenean, emakumeen aurpegiak bakarrik aukeratu nituen”, dio Jesus Maria Corman artistak.

Irudi haiek gainera bestelako istorio batzuk gordetzen zituzten beren barnean. Adibidez Blanche Monnierren biografia beldurgarria da. “Poitiers-eko familia aberats eta errespetatu baten alaba izanik, 25 urte zituela, abokatu batekin ezkontzeko asmoa iragarri zuen. Berau neskatoaren amaren gustukoa ez zen, ordea. Eta bere egoskorkeria ikusirik, eta temati jarraitzen zuenez bere asmoei uko egin gabe, amak etxeko gela huts eta txiki batean giltzapetu zuen hurrengo 25 urteetan. Bitartean, bere familiak desagertzearen itxurak egin eta bere eguneroko bizitzarekin jarraitu zuen, etxeko zerbitzuaren konplizitatearekin.”

Erakusketa hau osatzen duten pieza bakoitzean, jatorrizko irudiaren sorginkeriaren eta desosegagarria den sorginkeria berri baten arteko zerbait dago. Erakusketa hau horixe baita: “iraganaren eta orainaren arteko begiraden gurutzaketa. Begiratzeko modu bat eraikitzeko ahalegina. Bertan, iman indartsuak bailiran, emaitza kezkagarri horiek dei bat bezala funtzionatuko dute”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button