ESZENA

“Hameka Euskaraz” ekimenak sei ikuskizun eskainiko ditu datozen egunotan Iparraldean

Hameka Arte Fabrikak Hameka Euskaraz ekimenarekin, dantza eta antzerki ikuskizunez osatutako egitarau oparoa antolatu du Ipar Euskal Herriko zenbait herritan.

Hala, bertako karrikako sorkuntza artistikoa sostengatzea eta bultzatzea helburu duen ekimen honek haur, gaztetxo nahiz helduentzako, sei ikuskizun iragarri ditu datozen egunotarako.
Lehen hitzordua, bihar bertan, azaroaren 13an, Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri Kulturgunean izango da, 20:30etik aurrera, gaztetxoentzako emankizunarekin. Bonbon beltz konpainiak, Lanaz eta xaharretaz txotxongilo ikusgarria aurkeztuko du agertokian, non zahar etxeetako artatzaileen lana izango den obraren ardatz, bereziki soldatapeko lanak ekartzen dituen ardurei eta libertateari buruzkoa. Izan ere, nagusien egoitzetan, lanaren objektua edo gaia gizakia da, eta zenbait galdera eta lan egiteko moduak erabakigarriagoak dira. Hartara, obrak gizatasunari dei egiten dio, antzerkilariak artatzaileen paperean eta  txotxongiloak adinekoen paperean.

Azaroaren 23an izango da hurrengo hitzordua. Amikuzeko Gabadi (Nafarroa Beherea) udalerriko herriko gelan, Elirale kia konpainiak familiartean gozatzeko  O! dantza ikuskizuna oholtzaratuko du arratseko 13:00etan. Bertan,  dantzari bakarrak, haurren eta helduen mirespenaren soinua ikertuko du giro berezi batean.
Baina Arte fabrikaren ekimen honen hitzordu nagusia, azaroaren 24an, igandez, Larresoron (Lapurdi) izango da Kultura Euskaraz  ekimenarekin. Arratsaldeko 16:00atik aurrera ondu diren  hiru ikuskizun berri aurkeztuko dira Larresoroko herriko gelan. Hala, Oti Lore Elkartearekin elkarlanean antolatutako egitarauari hasiera emateko Herriko Bozak antzezlana oholtzaratuko da arratsaldeko 16:00etan. Bertan hauteskunde garaia den herri ttipi bateko gorabeherak kontatuko dira: “egia gordeak plazaratzeko eta faltsukerietan aritzeko mementoa. Ardoa eta politika, politika eta ardoa… Xuritik edo gorritik?”.

17:00etan, musika eta dantzarako parada izango dute bertaratzen direnek Brilili Orkestraren eskutik. Eta 18:00etan, Babesleku Arrotzak eta Animalia Bakartien Hotsa ikusgarria, Rubik kia konpainiaren eskutik. Obran, maletak izango dira protagonista: “Zertarako balio du maleta batek? Bidaiatzeko, agurtzeko ametsak lortzeko edota ihes egiteko. Maleta batek 1001 pasadizo konta ditzake, hamaika desira eta atsekabe. Hamaika istorio historian zehar. Arrotzak bere eguneroko bizitzan eta espazioetan. Ez-lekuetan lekutu diren pertsonak”, azaltzen du konpainiak obraren nondik norakoak azaltzerakoan.

Euskal kostaldetik Zuberoako mendietara hedatzen da Hameka  Arte Fabrikaren proiektua da ekimen hau, tokian tokiko kultur eragileekin lankidetzarekin batera eta Euskal Hirigune Elkargoak lagundutakoa. Hortaz, kaleko arteak sostengatzea ez ezik, sorkuntza garapenean parte hartzen duten artisten, biztanleen eta obren arteko topaketak, sorkuntza landu nahi duten artista eta konpainien egonaldiak, edota dantza, antzerkia, zirkua, edozein formatako arte eszenikoak eta diziplina artistikoen topagune ere bada, “espazio publikoa joko-leku  eta  inspirazio iturri bilakatuz”, argitzen du Hameka elkarteak.

Egitarauaren argibide gehiagorako, joan hameka.eu helbide horretara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu