IKUS-ENTZUN

Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans 17. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia otsailaren 24tik martxoaren 8ra arte izango da aurten, Hamaika modu izateko, sentitzeko, maitatzeko eta bizitzeko lelopean. “Gizarteak sexu-aniztasuna naturaltasunez bizitzen ez duen bitartean, beti egongo da arriskua bazterketa, estigmatizazioa edo ikusezintasuna pairatzeko”.

Lehen egunean, otsailaren 24an,  Arriaga Antzokian izango da Inaugurazio Ekitaldia, eta bertan, Pepa San Martín zuzendari txiletarrak Ohorezko Saria jasoko du. Horren ostean, Mi pequeño gran samurai film laburraren erabateko estreinaldia izango da.
Emanaldiak hiru egoitza nagusietan (Golem Alhondiga, Bilborock eta BilbaoArte Fundazioko ArtHouse Zinema) pantailaratuko dira lehen astean, izan ere, jaialdiaren 17. edizio honetan 22 film luze izango dira Sail Ofizialean, hiru kategoria ezberdinetan: FIK, DOK eta KRAK.

FIK kategorian film luzeak bilduko dira. Horren adibide dira Port Authority, Danielle Lessovitz zinegilearen opera prima, edo Marko Škop eslovakiarrak zuzendutako Let there be light (Nech je svetlo) pelikula.
DOK sailean trans errealitateek hartuko dute protagonismoa. Ian W. Thomson australiarraren Becoming Colleen pelikula, edo Enrico Masiren Shelter-Farewell to Eden lana ikusteko parada egongo da, besteak beste.
KRAK sailean, beste urte batez, “proposamen narratibo ausartak eta berritzaileak izango dira”, adibidez, Lemohang Jeremiah Mosese zuzendariaren Mother I am suffocating. This is my last film about you, Sundance jaialdian saritu berria, edo Bogdan Theodor Olteanu zuzendariaren Câteva conversaţii despre o fată foarte înaltă lana.

Beste urte batez, Emakumeak eta Haurtzaroa eta Nerabezaroa zikloak ere bideratuko dituzte, eta tartean, Indarkeria patriarkalak edo Gorputz errebeldeak  izeneko gaiak jorratuko dituzte.
Horrez gain, Euskal Herrian sortutako 13 lan ere ikusiko dira, La Fundición eta Loraldiaren lankidetzarekin.

Ohi den bezala, behin jaialdia Bilbon amaituta, Zinegoak herriz herri ibiliko da Euskal Herrian zehar, eta 60 udalerri baino gehiagotara helduko da.

Datu guztiak eta programazio osoa: Zinegoak

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button