EZLEKUBAT

H-bonba! erabateko hondamendia

Honatx Nontzeberri.com webguneak aurten bigarrenez antolatu duen Kolaboratzaile Lehiaketaren irabazlea: Iñigo Bidetxea. Kazetari eta diseinatzaile bermeotarrak AEBetako The Twilight Zone kultuzko telesaila izan du ardatz bere artikulu sariatuan.

Asots anplifikatuak metatzen dituen Gasteizko Ibu hots aretoak, tarteka, bestelako harrabots zinematografikoak pairatzen dituela gauza zabaldua da. Berariaz lurpetik ateratako zeluloidezko harribitxiek, bitxiak bilakatu dituzte Siberiako “harri”-emanaldi- alternatiboak. Eta behin ere, zorionez, bide bereari eutsi diote. 

Free Cinema-ri  eskainitako zikloak urtarrileko negu gordina epeldu ostean, gasteiztarrek giro-ziklo berri baten estreinaldia ezagutu dute. The Twilight Zone telesailari eskainitakoa bera.

Ireki dezagun atea irudimenaren giltzaz. Beste aldean dimentsio berri bat kausituko dugu, soinuzko dimentsioa, ikusmenezko dimentsioa, adimenezko dimentsioa. Amets eta ideien unibertsoaren atarian gaude. Tik-tak, tik-tak, Ilunabarraldean.

Telesailaren hamar segunduko sarrera kutsakorrak bereganatu egiten zaitu berehala, Gregor F. Narholz musikariak asmatutako kitarra punteatze errepikakor, tronboi hotz bizi eta tinbalen kolpekatzearen ondorioz. Tik-tak ilunabarraldean, kuku-erloju misteriotsu batek pantaila iluna diagonaletik zeharkatzen duen heinean.

Rod Serling gidoilari eta ekoizleak sortutako telesailak arrakasta nabarmena izan zuen 60ko Estatu Batuetan.  Zientzia fikziozko, fantasiazko eta beldurrezko kontakizunak idatzi, ekoiztu eta plazaratu zituen, orduko telebistak bizi zuen zentsurari ihesi.

Bost urtez, estatubatuarrek -Midwest-eko artaburuek zein ekialdeko intelektualek- ohartu gabe, Serling-en ekoizpenen atzean izkutatzen zen politikaren, gizartearen eta garaiko moralitatearen aurkako izaera kritikoa bereganatu zuten.

Bost denboraldi iraun zuen 1959an sortu eta 1964an zendu zen telesail arrakastatsuak, guztira 156 emankizun aireratu ziren eta Gasteizen hauetariko zenbait izan dira ikusgai.

Hiru emanaldi programatu dira Ibu Hotsen, emanaldi bakoitzean metraje laburreko hiru film eta film bakoitzean hiru sentipen, hiru zirrara: ezinegona, ikusmina, eta klasikoenganako mirespena. Parean jartzen ditut nik behintzat  King Vidorren “Duel in the sun” eta Robert Florey-ren “Perchance to dream”, bien artean suerta daitezkeen diferentziak alde batera utzita, noski.

Hona hemen lekuko honen adibide zein pertzepzio:

“Time enough at last”… metrajearen kontakizuna, Marilyn Venable-k  “If: Worlds of Science Fiction” aldizkarian idatzitako ipuinaren moldaketa bati dagokio. Lehenbiziko denboraldian aireratutako zortzigarren pasartea. Hogeita bost minutuko gorputzaldi txarra.
Burgess Meredith  dugu protagonista, tipo jator hori badakizue, adin jakin batekoek berehala ezagutuko duzue, 1966ko Batman telesailean “Pinguino” mozorroaren atzean izkutatzen zen aktore ahoberoa zela esaten badut.

Henry Bemis, liburuak izugarri maite dituen banku batetako langile bakartia da. David Copperfield, erantzunkizunak baino gehiago maite duen kutxazain bitxia. Bere irakurketa isolatuek arazoak sortzen dizkiote eguneroko lanari eusteko orduan, eta emazteak ez du haren obsesioa ulertzeko gaitasunik.

Zuri-beltzez filmatutako ohiko egun batean, Bemis-ek eguneroko hamaiketakorako etenaldi askagarria egiten du. Irakurketarako sasoia.

Egunkari batetako tituluari erreparatzen dio lehenbizi: Erabateko hondamendia: H-bonba! dio tituluak eta bankuko gangan izkutatzen da irakurketa askagarriari ekiteko.

Bat batean izugarrizko eztanda azalezin batek kalea hartu eta Bemis konorterik gabe utziko du.

Konortea eta irakurtzeko beharrezko dituen betaurrekoak berreskuratzean, gangatik irten eta erailketa global baten lekuko bakarra dela ohartzen da, eraitsitako hirian, eraitsitako munduan. Eztanda nuklear apokaliptiko batek mundua erraustu du eta Bemis bakarrik dago.

Bere buruaz beste egiteko dagoela, liburuz gainezka dagoen liburutegi triskatua agertzen zaio begibistan. Ondorengo urteetan irakurtzeko aukera aurkezten zaio, gorputzeko kitzikapen puntu hori kontrolatu ezinean.

Lehenbiziko liburua hartzeko makurtzera doala, estropezu egin eta betaurrekoak lurrera erortzen zaizkio, dituen leiar potolo birrinduak lurrean zabalduz.

Hogeita bostgarren minutuan gaude, algara bizian…negarrez, bakardaderik zorrotzenean, irakurri ezin dituen liburuz inguratua bukatzen du gizagaixoak. Esperantza galdua.

Aintzina, ilunabarraldean jotzen ziren kanpaotsak, baserritarrei etxeratzeko sasoia zela adierazteko erabiltzen ziren. Rod Serlingek  gaua ospatzeko erabiltzen ditu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button