LITERATURA

Gutun Zuria jaialdiaren VIII. edizioa, gaurtik aurrera

Gutun Zuria, Letren Nazioarteko Jaialdia gaur hasiko da eta apirilaren 25era bitartean luzatuko da Bilboko Alondegian.

Eros gogoan lemapean ardaztuko da Gutun Zuria jaialdiaren aurtengo edizioa, eta bertan, Javier Marias, Fernando Arrabal, Alvaro Pombo, James Ellroy, Wendy Guerra, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Justo Navarro,  Tzvetan Todorov edota Juan Antonio Iglesias idazleekin egoteko aukera izango da.

Jaialdiaren inaugurazioa  gaur, apirilaren 16an izango da, 19:30ean, Eroklipa ikuskizunarekin. Hitza, irudia eta musika konbinatzen dituen lan honetan Mikel Alonso, Itziar Lazkano, Miren Gaztañaga, Mikel Ibanez, Cristina Sanchez eta Silvia Gutierrez artistek parte hartzen dute.

Gaur ere hitzaldiak hasiko dira. Hortaz, Javier Marías, Marisa Blancorekin arituko da gaur. Hurrengo egunean, solasean arituko dira Fernando Arrabal eta Ramon Barea; 18an, Alvaro Pombo, Juan Antonio Gonzalez Iglesiasekin elkartuko da; 19an, Justo Navarrok James Ellroy idazlea elkarrizketatuko du;  hilak 23, bi emakumeren txanda izango da, Wendy Guerra eta Jasone Osoro; 24n, Iñaki Mendizabal kazetariaren eskutik Edorta Jimenez eta Itxaro Borda euskal idazleen arteko elkarrizketa entzuteko parada egongo da;  eta azkenik, 25ean, Tzvetan Tódorov idazlea, Iñaki Estebanen eskuetan jarriko da. Solasaldien ostean irakurlearen ordua izeneko tartetxoa ere egingo da erakusketa aretoko ataurrean. Hor, idazleak eta irakurleak elkarrekin aurrez aurre egoteko eta elkarrekin mintzatzeko unea probestu ahalko da.

Goian aipaturikoek egingo dituzten agerraldiez gain, ikuskizunek osatuko dute Gutun Zuriaren programa. Hala, apirilaren 18an, Sindrome de Estocolmo ikusgarriaz gozatzeko aukera egongo da. Ikusleekin batera, egunekotasunak dituen arazoez mintzatuko da kultura alorreko aditu batzuen talde bat. Bertan Karra Elexalde, Ivan Ferreiro, Gari, Valeria Tasso, eta Uxue Alberdi daude.

Apirilaren 24an, Petti, Joxan Goikoetxea eta Harkaitz Canoren txanda izango da. Egun berean, Edorta Jimenez eta Itxaro Bordaren txanda izango da. Biak ala biak, aurrez aurre jarriko dira, Iñaki Mendizabalek gidatuko duen elkarrizketa sakonean.

Aurten berritasun gisan, hitzordu bakoitzaren hasieran, Bizkaia Irratiako esataria den Udane Goikoetxeak euskarazko poema bat irakurriko du, eta ostean, Mikel Inuntziaga (Inun) kantari finak, musikaz jantziko du.

Egun guztietako programazioa Alondegiaren webgunean duzue irakurgai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button