LITERATURA

Gure lurrari eta bere aberastasunari atxikiak

Urte honetako otsailean Eguzkilore Liburuak jaio zen. Eguzkilore Liburuak euskal kultura eta, oro har, Euskal Herriari buruzko ekimenak bideratu nahi ditu modu apalean baina hurbiltasunez. “Eguzkilore Liburuak, egitasmo zabala eta hurbila da, apal baina dena emanda diharduena gure emaitzak diren liburuak sortzeko, ale bereziak, irakurle guztientzat (ume, gazte zein heldu) erakargarriak, eta aldi berean kontzientziazioan laguntzen dutenak, jorratzen ditugun gaiak direla eta (ingurumena zaintzea, euskal mitologia, pil-pilean dauden gizarte arazoak…) gizarte zuzenago eta orekatuago baten alde eginez. Horixe baita, izan ere, Eguzkilore Liburuak elkarteak duen helburua, mundua bere apalean hobetzea, heziketa, liburuak eta literatura erabiliz. Istorioak sortu eta liburu bihurtuta argitaratzen ditugu.

Plataformak liburu berriak kaleratu ditu aurten. Alde batetik, Aritza Bergarak osaturiko Jentilak. Euskal Mitologiaren azken sekretua. “Joseba Etxebarrieta Euskal Herriko Unibertsitatearen irakaslea da Antropologoa Sailean eta, gure herriaren kultura, sinesmen eta ohiturei dagokienez, aditu nagusienetakoa dugu. Hori dela eta, euskal mitologiaren hedatzaile handia izan zen Aita Barandiaran isilpean gordetzen saiatu zen idazki batean ostentzen den gertakari iluna argitzeko asmoa duen lantalde batera sartuko da. Antzinako izkribua ikerturik, garbiro lotu zuten belaunaldiz belaunaldi igarotako kondaira zahar batekin, bertan Jentilak nola galdu ziren azaltzen baita. Teknologiarik aurreratuena erabilita, baina, haratago iritsiko dira azterlanean, alegiazko akabera hura gertatu bide zen bazter-lekua aurkituko baitute. Honenbestez, hara joko dute, eta ustekabekoz jositako ikerketa bizi-bizia abiaraziko dute”.

Eta bestetik, Xixili. Hegatsa galdu nuenekoa, Leire Lekuonak idatzita. Narrazio horretan, Bermeon Xixili izenaz ezagutzen den laminaren istorio asmatua dator; pertsonaia mitologiko horrek ur azpiko erresuman murgilduko du irakurlea. Hegatsa galdu eta gizaki bihurturik, Xixili arrantzale gazte batez maiteminduko da. Baina liburu honek ez du istorio klasikoaren amaierarik izango.

Lan horiek hainbat tokitan aurkeztuko dituzte: Sestaoko Gaztelekun, azaroaren 22an; Bermeo Liburutegian, azaroaren 29an; Armintzako Kaian, azaroaren 30an; eta Durango Azokan, abenduaren 7an.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button