MUSIKA

Governors eta Eraso taldeen kontzertua, Errenterian

Larunbatean plan polita duzue Errenteriako Niessen Kulturgunean, Governors eta Eraso taldeek kontzertu handia egingo dute 22:00etatik aurrera.

Governors taldeak Z.E.R.O. (Zikloari Ekin dio Rhinopalpak) izenburuko lan berria argitaratu zuen joan den udazkenean, Baga Biga diskoetxearen bitartez. Boskote arrasatearrak gitarra boteretsu eta metal zaleekin jositako melodia indartsuak bildu ditu grabazio berri horretan. Baga Bigaren arabera, “Governors taldearen Z.E.R.O. rock lodi eta boteretsua da, soinua melodien kolpeak atontzen dute, soinua kolpeka dator ametsetatik egunerokotasunera. Governors taldeak ausardia erakusten du abestiz abesti. Indarrak hunkitzeraino garamatza”. Gipuzkoarren seigarren lana da. 2017ko abuztu eta irailean grabatu eta nahastu zuten Usurbilgo Higain estudioan, Haritz Harreguy teknikariaren gidaritzapean. Masterizazioaz, berriz, Jonan Ordorika arduratu zen, Mamia estudioan.
Taldearen proposamena ondo jasotzen da Bizhilik kantuan: ahots melodia landuak, gitarra sendoak, konponketak ugari eta tarte eta giro ezberdinak biltzen dituen egitura konplexua. Taldekideen aburuz, “jotzeko eta abesteko oso alaia eta dibertigarria da kantuak fase desberdinak dituelako, estrofa batzuetan ambient kutsua, aurre-leloan epikoa, leloan amorrua eta melodia. Diskoko kanturik osatuena da”.

Eraso! metal banda Inoren Lurretan izenburuko EPa dabil aurkezten. Taldeak 1990eko hamarkadan iltzatuta thrash metal doinuak bildu ditu, baina baita pop-rock estiloko kantu bat ere, Kokein taldeko Zaloa Urainek abestua. EPak, guztira, sei doinu biltzen ditu, sendoak eta hitz kritiko eta sakonekin osatuak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button