EZLEKUBAT

Gotzon Hermosilla: “euskararen presentzia anekdotikoa zen punk fantzineetan”

Gotzon Hermosilla kazetaria Izu Giroa, euskaraz egiten den punk eta hardcore musika estiloak jorratzen dituen fantzinearen arduradunetariko bat da. Argitalpen amateur horrek kasik hamar urte bete ditu. Erraz tekleatzen edo esaten den zifra da, baina fantzinegintzan aritu den edonork ezin du horrelakorik esan, are gutxiago euskaraz idatziriko fantzinegintzan. Beraz, txalotzekoa da Hermosillaren eta bere kideen lana. Batez ere Gotzonena, Berria egunkarian jarduteaz gain, argitalpena koordinatzen baitu hasiera-hasieratik. Hala ere, orain laguntza gehiago jasotzen ari da. “Zorionez, badago kolaboratzaile gazte bat, ia-ia koeditore lanak ere egiten ari dena”.

Laster 19. alea kaleratuko dute eta fantzine horietan atera diren elkarrizketa onenekin bilduma berezia egin nahi dute ingelesez eta gaztelaniaz. “USA, Alemania eta beste hainbat tokitatik oso kritika positiboak jaso ditugu”. Nolanahi ere, Izu Giroa euskarazko argitalpena izaten jarraituko du panorama nahikoa iluna den arren. “Musika kazetaritzaren etorkizuna, ezinbestean, euskal prentsaren eta euskararen beraren etorkizunari lotua dago”. Gotzonekin solastatu gara punk eta hardcore musikaren esparruan orain arte egin duten lan handiaren berri izateko.

Dagoeneko ia hamar urte igaro dira lehenengo Izu Giroa argitaratu zenutenetik. Nolako balorazioa egiten duzu?

Hasi ginenean, gure asmo bakarra zen ondo pasatzea gustuko dugun zerbait (musikaz idaztea, musikaz eztabaidatzea, musikaz gehiago jakitea, talde interesgarrien bila ibiltzea) egiten. Alde horretatik, balantzea oso positiboa da: hamar urteotan oso ondo pasatu dugu, musika interesgarri asko aurkitu dugu, jende jator ugari ezagutu dugu, diskoak entzun ditugu, kontzertuak ikusi ditugu, guretzat oso bereziak ziren talde eta musikariei (esaterako, Iggy & the Stooges edo Poison Idea) elkarrizketak egiteko aukera izan dugu… Balantzea ezin hobea, benetan.

Horretaz aparte, fantzinea punk eta hardcorea gustuko dutenentzat erreferentzia bilakatu ote den, jende horri ganorazko informazioa eskaini ote diogun, Euskal Herriko fantzinegintzan garrantzi handiagoko edo txikiagoko ekarpena egin ote dugun… suposatzen dut horrelako balantzea egiteko gu ez garela aproposenak, perspektiba falta zaigulako. Irakurleei galdetu beharko genieke. Iristen zaizkigun iritziak oso positiboak dira, beharbada iritzi negatiboak dituztenak iritzia ematera hurbiltzen ez direlako… Edozein modutan, berriro diot gure hasierako asmoetan ez zegoela horrelakorik, eta, beraz, guk ondo pasatzeaz gain, egin duguna norbaitentzat baliagarria izan bada, askoz hobeto. 

Horrelako ibilbide luzea egitea espero zenuten lehenengo alea plazaratu zenutenean?

Ez genuen horrelakorik planteatzen. Dena dela, niretzat eredu izan diren fantzine gehienak (MRR, Destruye) ibilbide luzekoak izan dira. Nik uste dut, inkontzienteki izan bada ere, beti pentsatu dudala Izu Giroaren proiektua ez zela agortuko zenbaki gutxi batzuk aterata. Baina zenbat iraungo zuen ez genekien, eta oraindik ere ez dakigu.

Dela banaketagatik, dela profesionaltasun ezagatik, dela nekegeatik… fantzineek oso ibilbide laburra egiten dute. Zein uste duzue dela giltzarria zuen kasuan? Akaso zalearen grina?

Nik uste dut giltzarrietako bat izan dela lehen komentatu dudan ondo pasatzeko kontu hori. Fantzinea zaletasuna bada, ondo pasatzeko bidetzat hartzen baduzu, disfrutatzen baduzu hori egiten, zaila da horretaz nekatzea. Baina kontrako efektuak ere baditu horrek. Adibide bat emango dizut: gure fantzinean, normalean ez da publizitaterik agertzen. Hori ez da erabaki ideologiko bat: kontua da tabernaz taberna eta diskodendaz diskodendaz publizitate eske ibiltzea oso lan nekosoa dela, oso aspergarria. Eta horregatik ez dugu egiten. Norbait gugana etortzen bada eta publizitatea jarri nahi duela esaten badigu, primeran, jarriko dugu (eta askotan ahaztuko zaigu kobratzea, baina hori beste istorio bat da). Orain, guk egingo ez duguna da teorian ondo pasatzeko den kontu batean publizitatea bilatzeko esfortzu nekagarri hori egitea. Seguru asko, lehenengo zenbakietan hori egin izan bagenu, fantzinearen egoera finantzieroa askoz hobea izango zen, gauza gehiago egiteko modua edukiko genuen… baina lauzpabost zenbaki aterata potroetaraino amaitu eta dena bertan behera utziko genukeen. Kontrako bidea aukeratu dugu: pobreak gara, arazoak ditugu maiztasunarekin, banaketa txarra egiten dugu leku guztietara iristen ez garelako… baina, horren truke, ia hamar urte iraun dugu, eta ez gara erre.

Jada kontzertu bat egin duzue kasik hamar urteko ibilbide hau ospatzeko. Beste ekimenik egiteko asmorik ba al duzue?

Beno, aurrekoan komentatu nizun moduan, oraindik ez ditugu hamar urteak bete, baina kontzertu hau egiteko aukera sortu zitzaigun, eta pentsatu genuen, itxaron beharrean, ondo egongo zela orain hastea urteurrenaren ekimenekin, nahiz eta oraindik denbora falta den.

Gauza batzuk egin ditugu dagoeneko: txapak eta kamisetak atera ditugu, eta myspace orri bat zabaldu dugu (gure ganoragabekeria dela-eta, Internetena beti izan da Izu Giroaren puntu ahula; baina orain, kolaboratzaile gazteak eta teknologia berrietan adituak ditugula eta urteurrenaren aitzakia baliatuta, arlo hori konpondu dugu dagoeneko).

Ideia gehiago ditugu: erakusketaren bat egitea, festaren bat egitea, beste kontzerturen bat… baina guztia zehaztu gabe dago. Zehaztuta dagoen gauza bakarra zera da: 10. urteurrena dela eta, zenbaki berezi bat aterako dugu, ingelesez, Euskal Herritik kanpo banatzeko, hamar urte hauetako elkarrizketarik onenekin. USA, Alemania eta beste hainbat tokitatik oso kritika positiboak jaso ditugu, baina beti aipatzen dute gustatuko litzaiekela edukiak irakurri ahal izatea. Guk jarraituko dugu euskara hutsezko fantzinea izaten, baina, erakusgarri gisa, ingelesezko bilduma hori aterako dugu, ahal dela, datorren urtearen hasieran. Gaztelaniaz ere antzeko zerbait egitea aztertzen ari gara.

Portzierto, oraindik punka eta hardcorea euskaraz jorratzen duen argitalpen bakarra izaten jarraitzen duzue ala zuen eredua aintzat hartu duen bestelako argitalpenik ezagutzen duzue?

Gu sortu ginenean, euskararen presentzia anekdotiko samarra zen punk eta hardcore fantzine gehienetan (eta asko ere ez ziren). Bando Punk fantzinean gauza gutxi batzuk ateratzen ziren euskaraz, baina besterik ez. Geroztik, gauzak dezente aldatu dira: Zarata fantzinea ia erdara hutsez ateratzetik euskarazko eduki dezente sartzera pasatu da, Bando Punk desagertu ostean atera zuten Odolkids fantzinean gauza asko sartzen zituzten euskaraz, Breaking Rules fantzinearen azken zenbakia euskara hutsez dagoela uste dut (ezin ziur esan orain eskura ez daukadalako, baina hala dela uste dut)… Beharbada, pretentziosoegia litzateke gure aldetik pentsatzea Izu Giroa-k zerikusiren bat izan duela horretan, baina hala balitz, oso pozgarria litzateke guretzat.

Nolakoa da zuen funtzionamendua? Lantalde handia dago atzean? Zu zara apur bat koordinatzaile lanetan aritzen zarena?

Denbora luzean, neu izan naiz fantzinearen editorea, koordinatzailea edo antzeko zerbait. Kolaboratzaile sare zabala eduki dugu, baina jarraikortasunik gabea: jende askok idatzi du artikuluren bat, edo elkarrizketaren bat bidali du, edo argazkiak bidali ditu… baina, normalean, ez zuten berriro besterik egiten bizpahiru zenbaki pasa arte. Orain, zorionez, gauzak aldatzen ari dira. Noizbehinkako kolaboratzaile horiez gain, badago kolaboratzaile gazte bat, ia-ia koeditore lanak ere egiten ari dena, gogo handiz sartu delako. Bi lagunen artean askoz errazagoa da dena egitea, eta uste dut horrek ziurtatzen duela Izu Giroa-ren etorkizuna, epe erdian behintzat. Eta, jakina, kolaboratzaileen artean ezin aipatu gabe utzi Txorik, gure marrazkilari eta portada-egile ofizialak, egiten duen lan bikaina.

Fantzineen munduan banaketa izaten da alderik kantsagarriena. Nola gauzatzen duzue? Nahikoa da egiten duzuen banaketa?

Ba bai, hori da fantzine guztien puntu ahula, eta gurea ez da salbuespena. Ez soilki fantzineena: Euskal Herrian badago sare alternatibo bat, taberna, gaztetxe, liburudenda eta antzekoek osatua, eta norbaitek sare hori guztia identifikatu eta zirkuitu komertzialetik kanpo ateratzen diren disko, maketa, fantzine eta argitalpenekin sare hori elikatzeko lana hartuko balu, esparru antikomertzialak sekulako aurrerapausoa egingo luke. Are gehiago, nik uste dut lan horretan sartzea erabakitzen duen talde, elkarte edo dena delakoak finantziazio iturri polita lortuko lukeela, betiere gauzak ganoraz eginez gero. Hori gauzatu bitartean, panorama betikoa da: leku batzuetara iristen gara baina beste batzuetara ez, taberna batean fantzine batzuk uzten ditugu baina sei hilabeteren ostean itzultzen garenean han inork ez daki fantzineak saldu diren ala ez, batzuetan dirua berreskuratzea ezinezkoa da eta aldez aurretik galdutzat ematen dugu… Esperientzia handia duten denda eta jende jatorrari esker eta eskatzen dituztenei fantzineak zuzenean postaz bidalita saiatzen gara aurrera egiten.

Zaila da eguneroko lana eta fantzinegintza uztartzea?

Gustuko lekuan aldaparik ez dagoela dio esaera zaharrak. Bolada batzuk beste batzuk baino estresanteagoak dira, baina tira, saiatzen gara aurrera egiten.

Zer du punkak eta hardcoreak zaleak hain grinatsu bihurtzen dituela?

Beno, musika bera grinatsua da, eta, hortaz, normala da zaleak ere grinatsuak izatea. Baina ez dut uste benetako arrazoia horretan dagoenik. Gauza jakina da punkak eta hardcoreak musikaren muga estuak gainditzen dituztela, punk kulturan oso errotuta dagoela komunitate baten kide izatearen sentimendua, DIY filosofia, komertzialtasunetik eta gizarteak ezarritako arauetatik kanpo aritzeko nahia, kooperazioa, autogestioa… Balio horiek gabe, punka eta hardcorea beste moda bat edo beste tribu urbano bat baino ez lirateke izango.

Bestalde, urte asko daramazu euskal prentsan musikaz idazten. Zer irizten diozu euskal prentsa musikalari horrelakorik existitzekotan? Nolako maila duela uste duzu?

Zenbait lekutan, musika kazetaritzak badu tradizioa, ospea, espezializazioa eta abar. Beste batzuetan, prentsa arruntaren adar gaizki baloratu eta garrantzirik gabea baino ez da. Eta gurean, euskarazko musika kazetaritza sistema handiago baten, euskarazko kazetaritzaren, azpisistema baino ez da. Denok dakigu zein den euskarazko prentsaren egoera, hizkuntza minorizatu batean aritzeak dakartzan aje guztiak, hedapen falta, laguntza eskasak… Multzo nagusiaren egoera hori izanik, musika kazetaritzaz, edo kirol kazetaritzaz, edo beste kazetaritza espezializatu mota baten inguruan aritzen garenean, aje horiek biderkatu egiten dira. Nik uste dut esparru horretan gauza polit asko egin direla, meritu handiko ahaleginak (Kaki Arkarazok Argia aldizkarian sinatzen zituen lehenengo disko-kritika horiek, Entzun! aldizkaria, Egunkariaren Barkatu, ama! gehigarria, badok.info webgunea…) eta luma f¡neko kazetari espezializatuak daudela (Jon Eskisabel, Iker Barandiaran, Julen Azpitarte…). Baina panoramak pobrea izaten segitzen du. Musika kazetaritzaren etorkizuna, ezinbestean, euskal prentsaren eta euskararen beraren etorkizunari lotua dago.

Deigarria da, Izu Giroa euskarazko argitalpena izanda, diru-laguntzarik ez jasotzea. Hasiera-hasierako hautua izan da diru-laguntzarik ez jasotzea?

Ez dugu inoiz planteatu. Suposatzen dut diru-laguntzaren bat eskatzeko, enpresa edo elkarte bat izan behar duzula, legalki eratua, estatutuekin, lege-gordailuarekin… Pfff, horrelakoetan pentsatze hutsak aspertu egiten nau. Gure joko zelaia ez da hori.

Amaitzeko, zeintzuk dira etorkizuneko planik Izu Giroa-ri dagokionez?

Ezer baino lehen, 19. zenbakia kaleratzea. Hori eginda hasiko gara urteurrenaren bestelako ospakizun, kontzertu edo dena delakoetan pentsatzen, baina orain, gure lehentasuna da 19. zenbakia uda baino lehen argitaratzea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button