IKUS-ENTZUN

Gotzon Elortza getxoztarrak zuzenduriko hiru dokumental zaharberrituta

Euskadiko Filmategiak zaharberritu ditu zinegile getxoztarraren hiru lanak, artxiboan dituen filmak gizarteratzeko xedea tarteko. Aberria (1961), Ereagatik Matxitxakora (1960) eta Elburua Gernika (1962) dira filmak. Hirurak Donostiako Zinemaldian proiektatuko dituzte, Zinemira atalean, hain zuzen ere.

Filmategiko arduradunen ustez, hiru film hauen garrantzia handia da, euskaraz pentsatu eta ekoitziriko lehen dokumentalak baitira. Izan ere, Elortzak ezinbesteko ikusten zuen euskara ikus-entzunezkoaren alorrean txertatzea. Etorkizunari begira, filmak DVD formatuan zabaldu nahi dituzte.

Atzo aurkeztu zituzten hiru lan horiek Donostian. Horiekin batera, Euskadiko Filmategiak erakundearen memoria aurkeztu zuen. Bertan esandakoaren arabera, geroari begira erakundeak hiru xede nagusi ditu: ikus-entzunezkoak zabaltzea, Euskal Herriko kultura zinematografikoa sustatzea eta beste herrialde batzuetako filmategiekin erlazioak bultzatzea.

Aurten, gainera, beste bi hitzordu garrantzitsu atondu ditu Euskadiko Filmategiak. Batetik, Alex de la Iglesia zuzendariari buruzko liburua argitaratuko du eta bere filmen zikloa ere atonduko du. Bestetik, azaroaren 24an eta 25ean ikus-entzunezko artxiboen eta digitalizazio prozesuekin loturiko mintegia egingo dute Donostiako San Telmo Museoan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button