Nontzeberri

Gorputzen, argien eta soinuen arteko konbinazioak

Reciprocal Scores soinu elektroakustikoa eta koreografia uztartzen dituen ikuskizun esperimentala aurkeztuko da gaur Azkuna Zentroan. Lana, Zentroak musika esperimentaleko Hotsetan programaren egonaldiaren barruan ekoiztu da, Jean-Luc Guionnet eta Lotus Eddé Khouri artisten eskutik.

Lehena,  musika-inprobisazioko erreferentea da Frantzian, soinu instalazioak, konposizio elektroakustikoak eta tape music espezializatuan, hain zuzen. Eta bigarrena, Guionnet antzeko musikariak lankide dituen dantzari eta koreografoa da, dantza beti baliabide soilenera murrizten duena bere  bideoetan nahiz emanaldietan.

Reciprocal Scores  ikuskizuna, egitura teknikoen, gorputzen, argien eta soinuen arteko konbinazio bat da. Bertan, berezko osagaia da musika, ahots sintetikoarekin, testuekin eta hainbat musika instrumenturekin batera. Dantza ordea, “iragankortasunak bereganatutako arretaren eta edozein keinutan estalitako tentsioaren menpean gelditzen den elementua”, azaltzen dute antolatzaileek.  Dantzaren barruan, lan teknikoak ez ezik beste edozein ekintza mota ere daude, izaera funtzionalekoak izan daitezkeenak edo bestelakoak”. Musika aldiz,  piezaren baitako soinu-alderdi guztietan tinko hedatuta dagoen geruza bat da.

Artistek azaldu dutenaren arabera, eta antolamendu zinematografiko batean egiten den antzera, “zuzeneko edizio prozesu moduko baten bitartez, pieza eraikitzen dugu, hainbat irudi-geruza erabilita: jauzi luze eta etengabe, eten arbitrarioak eta hutsune komunak”.

Jean-Luc Guionnet aski ezaguna da Frantzian musika esperimentalaren munduan. Izan ere soinu instalazioak hartu zituen musika eta soinu-artean bitartekotzat, konposizio elektroakustikoak eta tape music konposizio instrumental  instalazioak sortzeko.
Lotus Eddé Khouri artista ere ez da atzean geratzen bere jardueran. Izan ere, Parisen bizi den dantzari eta koreografoa, dantza baliabide soilenera murrizten duen koreografo eta bideo ekoizle ezaguna da.  Bere  emanaldietan,  Jean-Luc Guionnet eta Stéphane Rives musikariak lankide izan ohi  baditu ere, Christophe Macé eskultore ezagunarekin ere egin du lanik, diziplina ezberdinak uztartuz.

Musika esperimentalaren zaletuek ezin hutsik egin dezaketen hitzordua dute gaur, urriak 16, Azkuna Zentroan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Informazio osoa duzue Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbao webgunean.

Exit mobile version