Nontzeberri

Gorputzak inprobisazioaren mugimendua esploratzen duenean

Gaur goizean, Azkuna Zentroak Steve Paxton. Drafting Interior Techniques izeneko erakusketa-proiektua aurkeztu du. Ekitaldian Gonzalo Olabarria Kultura zinegotzia, Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria, Rakel Esparza bertako programazio arduraduna, eta João Fiadeiro eta Romain Bigé erakusketako komisarioak izan dira. Erakusketa dantza garaikidearen erreferente nagusietakoa den Steve Paxton dantza aitzindariaren legatuari eskainitako lehen atzera begirakoa da, eta maiatzaren 10era bitartean ikusi ahalko da.

Azkuna Zentroko erakusketa aretoan sartzean, ikusleak Steve Paxtonen honako esaldiarekin egiten du topo: “Jenderik gabeko basoan lurrera eroriz gero zaratarik aterako al zuen ez zekien zuhaitz ospetsuak bezala, bada gauzei begiratzeko modu bat, gauza horiek interpretatzeko aukera ematen duena.” Izan ere, Steve Paxton koreografo eta dantzaria kritikaria eta pentsalari amorratua ere bada. Beraz, Steve Paxton: Drafting Interior Techniques lanak dantzan ari diren buru baten eta gorputz baten ikuspuntuak azaleratzen ditu.

AEBtako Steve Paxton koreografoak Contact Improvisation teknikaren sortzailea da, hots, inprobisatzen eta mugimenduan dagoen gorputzari begiratu nahi dio, mugimendurako intuizioen eta sentsazioen bidez. Pasibitatearen eremuan edota  dantzako estudioan egileak makina bat galdera egiten dio bere buruari: “Zer egiten du nire gorputzak hartaz kontziente ez naizenean?”
Oraingo honetan, Azkuna Zentroko erakusketa aretoa dantza garaikide estudio bilakaturik, dantza praktikak egin eta ikusteko eraldatu da, beti ere  mugimenduen inguruan hausnartzeko gonbitea luzatuz. Bertan, makina bat ikus-entzunezko pieza, performance, elkarrizketa eta instalazio jarri dira ikusgai; guztien artean, ikus-entzunezkoak gailentzen dira, batzuk zaharrak, zuri-beltzean, besteak koloretan, mugimenduaz gogoeta eginez, Steve Paxton koreografo emandako elkarrizketekin horniturik.

Erakusketa ikusgarria osatzeko tokiko eta nazioarteko artistek zuzendutako performance, hitzaldi eta mintegi ziklo bat ere antolatu da, dantzako profesionalek emandako Contact Improvisation saioekin batera. Hala, bihar bertan, otsailak 21, Jurij Konjar dantzariak Flat + Satisfyin Lover (Steve Paxton) & Goldberg Variations pieza eskainiko du. Martxoaren 12an, Ion Munduatek Goldberg Versions izenekoa eskainiko du; eta azkenik, apirilaren 22an, Mal Pelo (Maria Muñoz eta Pep Ramis) taldeak ‘On Goldberg Variations / Variations lana oholtzaratuko du.
Apirilean ere, 24 eta 25ean, eta Ixiar Rozasek gidaturik, egilearen pentsamendua eta lanaren gaineko nazioarteko mintegia garatuko da. Tailerrak eta ikastaroak ere ondu dira erakusketaren kariaz.

Datak, ordutegiak eta bestelako informazioa: Azkuna Zentroa.

Exit mobile version