Nontzeberri

Gorka Martin aktorea: “Sormen handiko unea bizi dugu”

Argazkiak: Jordi Farga
Gorka Martin (Santurtzi, 1980) aktorea oraintsu estreinatutako Internet bidezko Resacas telesailean parte hartu du. Orain arte, hamaika lan egin ditu telebistan, zinean, antzerkian eta publizitatean. Hala, 2012an Goenkale telesail ezagunean parte hartu zuen, bai eta Baleuko Films-ek ekoitzitako Gernika Bajo Las Bombas telebistako filmean ere. Espainiako La Sexta katean ikus zitekeen Que vida más triste telesailaren lau denboraldietan ere agertu da. Horretaz gainera, film laburretan ere aritu da, tartean, 2009ko Saltar filmean. Martinen jardute kuttuna, baina, antzerkigintza da, eta aktore lanak egin ez ezik, bere antzerki egitasmoak ere abiatu ditu. Egun Pikor Teatro konpainiarekin ari da lanean, eta 2012an La comedia que nunca escribió Mihura antzezlanean ere parte hartu zuen.

Estreinatu berri den Resacas Internet bidezko telesailean parte hartu duzu. Nolakoa da proiektua da?

Izenburuarekin bat datorren telesail dibertigarria da. Etxebizitza berean bizi dien hiru lagun dira protagonistak: bata abstemioa, beste biak, aldiz, ez, eta hari-mutur guztiak lotu beharko dituzte jakiteko zer gertatu den kapitulu bakoitzean. Umore zuzena da, eta pertsonaien kontrasteetan oinarritzen dena. Hirurak oso ezberdinak dira euren artean, eta hirurek dauzkate aje nabarmenak. Zenbat eta gehiago ezagutu pertsonaiak, orduan eta dibertigarriagoa da telesaila. Argumentu nagusia lehenengo kapituluan hasten da, baina kapitulu bakoitzean azpi-argumentuak daude. Azken horiek indarra ematen diete kapituluei.

Zeintzuk aukera eskaintzen ditu formatu berri horrek? Antzeko formaturen batean egin duzu bestelako lanik?

Egia esan, asko gustatu zait. Asko dibertitu naiz, tarte luzez zerbait garatzeko aukera ematen duelako. Izan ere, telesailetan edo tv movie-tan egin ditudan lanak noizbehinkakoak izan dira, kapitulu batzuetan baino ez naiz agertu. Hortaz, pozik nago orain denbora nahikoa daukadalako pertsonaia garatzeko; hau da, kapituluek aurrera egin ahala pertsonaiaren ezaugarriak erakusteko tartea edukitzea. Duela bi urte antzeko formatu batean egin nuen lan, web bidezko publizitate telesail batean, aste dibertigarria izan zen, baina filmaketa horren ondorioz, Portugaleteko Giako Andra Mariren jaia galdu nuen.

Zein abantaila dauka horrelako telesail batek telebistako telesail klasikoen alderatuta?

Berehalakotasuna eta norberak aukeratzen duela noiz ikusi. Denbora asko galdu dugu telebistaren aurrean. Orain ere denbora galtzen dugu ordenagailu eramangarriaren aurrean, baina denbora galera hori demokratikoagoa da, norberak erabakitzen baitu zertan galdu denbora hori. Eta kasu honetan, telesail hau artisau-lana da, lantalde txikiarekin egina, gerrillakoa, eta giro onean filmatua. Hori dela eta, lantaldekoekin harremana zuzenagoa da, eta guztia grabatuta dagoenez, ez gara audientziaren esklabo. Tira, apur bat bai: ea ondo ateratzen den, eta bigarren denboraldi bat egiteko aukera daukagun.

Telebistan eta antzerkian aritu zara. Zer duzu nahiago?

Bi gauza ezberdin dira, baina nahiago dut antzerkia. Zuzenekoa da gehien erakartzen nauena, eta obra errepikatzea eta errepikatzea, zerbait mekanikoa izan gabe, erronka da edonorentzat. Aitortzen dut filmatzeak ere bere xarma duela, baina timing-a errealagoa da antzerkian, dela komedia, dela drama.

Zure ibilbidean komedian aritu zara gehien, bestelako generoak ere interesatzen zaizkizu?

Bai, baina aurpegi honekin, nire gorputz zaborrarekin, eta nire altuerarekin ez didate heroi tragiko baten, ezta galai baten paperik emango. Hori dela eta, dramak egin ditudanean, gustuko izan arren, nire kabuz egin behar izan ditut. Asko gustatzen zaidan gauza bat Urrezko Mendearen antzerkigintza da, testuek dituzten bertso, musikaltasun, eta akzioa. Azken boladan, antzerkia egiteko Greziako klasikoei erreparatzen diet, baina uste dut zuzendari gisa jorratuko nituzkeela, ez aktore gisa. Baina, tira, nire beharra duten toki guztietara noa.

Aktore izateaz gain, zure proiektu eszeniko propioak ere abiatu dituzu. Nolakoa da lan hori?

Zuzendari lana gustuko dut. Uste dut denborak aurrera egin ahala, zerbait egiteko gai izango naizela, tematia, langilea eta apur bat obsesiboa, bainaiz. Ezaugarri horiek oinarrizkoak dira eszena-zuzendaria izateko pazientziarekin, komunikazioarekin eta intuizioarekin batera. Gustuko dut sormenari lotutako mundua delako, eta aukera ematen duelako norberaren ikuspegia, irakurketa eta tesia emateko. Era berean, norberaren erabakiekin bidez lortzen da bi pertsona ezberdinek kontatutako testu bera bi ikuskizun ezberdin izatea, kontrakoak ere izan daitezkeelarik. Garrantzitsuena aktiboa izatea da, eta batez ere sormen lana egitea. Kudeaketa, adibidez, lan astuna da, baina egin behar da, ez dago besterik.

Zer du egun zailen aktore gazte batek? Krisiak egundoko eragina izango du.

Bai. Aktore soilik aritzen den aktoreak zaila izango du. Hortaz, eboluzionatu beharko du, eta ikusi ea zer proposatzeko gai den, espezialitatea, zer motatako sortzailea den. Makroegitura kulturalak segatu dituzte zentzurik gabe, eta zentzudunak ziren beste asko erori egin dira. Pena handia da ikustea nola dauden enpresa kulturalak. Halere, sormen handiko unea bizi dugu. Oso gauza interesgarriak egiten ari dira ohikoak ez diren guneetan: kalean, web bidezko telesailetan, film laburretan, mikro-antzerkietan, etxeetan eta baita ile-apaindegietan ere. Esperimentazio handia dago, plastikoa, ikus-entzunezkoa, dantzaren esparruan, performancean, irudian… testu ikaragarriak sortzen ari dira, urteetan ez da horrelakorik gertatu. Maria Velasco, JC Beas, Carlos Contreras dramaturgo berriak dira eta gauza asko dituzte kontatzeko. Hortaz, aktore soilik izan nahi baduzu, zortearen menpe zaude. Ordea, kontatzeko gauzak izanez gero, bidea luzea da, baina beharrezkoa eta interesgarria.

Etorkizunera begira, zertan ari zara lanean?

Emanaldiak egiten jarraitzen dut Pikor Teatro konpainiarekin, eta lanean ateratzen diren aukera guztietan. Baina, pentsatzen jarraitzen dut, zer eta nola kontatu zerbait. Badakit, apur bat nahaskorra dela, eta ez dudala ezer esan, baina egitasmoak dira. Errealitate bihurtzen direnean kontatuko dizuet. Batzuetan, sortzaile behar dugu izan; baina, langileak, ordea, beti.

Exit mobile version