LITERATURA

Emakumeen Literatura Ikastaroa Bilbon

Irailaren 20tik abenduaren 20ra bitartean, Bizkaiko Foru Liburutegian, literatura ikastaroa zuzenduko du Josune Muñoz adituak. Aurtengo ikastaroaren titulua Literatura afroamerikarra da. Izena emateko epea zabalik dago, izan ere, apuntatzeko azken eguna hil honen 19an da.

Beste aldetik, literaturaz gozatzea helburua duen Euskara Irakurle Taldeak ere bere bideari ekingo dio berriz. Udaberrian, Lutxo Egia idazlearen laguntzarekin eraman da aurrera taldearen jarduera. Orain, udazkenean, berriz abiatuko da ekimena Juanra Madariagaren kudeaketarekin.
Euskara Irakurle Taldea irailaren 22tik azaroaren 24ra arituko da, ostegunetan 18:00tik 20:00etara. Izena emateko epea ere zabalik dago eta hil honen 19an itxiko da.

Irakurketa txokoaren barruan, irailaren 29an eta 19:00etan, Eider Rodriguez idazleak hitzaldia emango du. Eider Rodriguez (Errenteria, 1979) kazetaria, editorea, itzultzailea eta gidoilaria da. Orain arte Eta handik gutxira gaur (Susa, 2004) argitaratu du. Haragia (Susa, 2007) izan da bere bigarren liburua.

Azaroaren 24an, ordu berean, Bernardo Atxaga izango da Bizkaiko Foru Liburutegian beste hitzaldi bat ematen.

Donostia aldean ere, literatur hitzordua, ipuin sormena eta kontaketa, zinea eta literatura, eta hauek bezalako gaiak jorratuko dituzte udazkenean, tailer, eta hitzaldien bidez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button