IKUS-ENTZUN

“The Gold Rush” Chaplinen maisulana bihar, Iruñeko Kondestablea aretoan

The Gold Rush (La Quimera de Oro, 1925) Chaplinen obrarik ospetsuenetariko eta komedia bihurria proiektatuko da bihar, uztailak 19, Iruñeko Kondestablea aretoan Charles Chaplin protagonista duen zine zikloaren barruan. Udako saio guztiak, ostiraletan izango dira, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Chaplinen obrarik ospetsuenetariko bat ez ezik, ikono unibertsal bihurtu zen artistak berak esan zuenez, gehien maite zuen filma ere bada, zinemaren historiako klasiko bat bihurtu dena.  Gainera, 1942an berrestreinatu zen soinu bertsioan, eta urte hartako Oscar sarietarako bi izendapen jaso zituen: soinu onena eta soinu banda onena.

The Gold Rush Chaplinen film xelebreenetariko bat da eta Alaskara diru bila doan urre bilatzaile baten papera interpretatzen du hemen. Chaplin, bere pertsonaian, Klondike-n dago, urrezko sukarrak erakarrita. Ekaitz bat lehertuta, aterpea bilatu behar izan du, eta mendian isolatuta dagoen etxe bat aurkitu du. Bertan, Black Larsen hiltzailea bizi da. Chaplin eskalea botatzen saiatzen bada ere, lehertzen den urakanak ez dio Larseni hori egiten uzten eta gainera, beste apopilo bat sartzen da etxean: Mac Kay erraldoia. Euren artean sortzen den harremanaren gora beherak maisutasunez eta umore zama handiz interpretatzen ditu Chaplinek komedia mutu honetan.

Eta hurrengo ostiralean, uztailaren 26an, The Circus (1928) emango dute, Chaplinen azken film mutua. Charlot eskalea zirku ibiltari batekin joan da eta zaldizko emakume batekin maitemintzen da, berau aldi berean, trapezista gihartsu batez maiteminduta dagoena. Bitartean, mila eta bat gorabehera gertatzen zaizkio zurrunbilo artean.

Charles Chaplinaren zine-ondare osoaren atzera begirako honetan,  abuztuaren 30era bitarte, Chaplin zaleek aukera paregabea izango dute bere maisulanez gozatzeko.

Programazio osoa ikusteko, joan iruñakulturada web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button