MUSIKA

Gojira, Childrain, The Ocean eta Toundra, Kriston Fest jaialdian

Metal estiloaren inguruan ardazten den Kriston Fest jaialdiaren laugarren edizioa egingo da bihar, hilak 11, Bilboko Santana 27 aretoan, 20:00etatik aurrera. Agertokian lau banda izango dira: Gojira frantziarrak, Childrain euskaldunak, The Ocean alemaniarrak eta Toundra espainiarrak.

Adituen arabera, Gojira egungo metal talde onenetakoa da. Hogei urte inguruko ibilbidea egin du talde frantsesak, eta bide horretan makina bat jaialditan parte hartu, tartean, Hellfest, Sonisphere eta Graspop. Horretaz gainera, metal estiloko talde garrantzitsuenekin jo dute frantziarrek, Metallica, Mastodon eta Slayer, besteak beste.
Gaur arte, bost disko argitaratu ditu Gojirak, eta metalaren basakeria eta melodien eztitasuna uztartzeko maisutasuna erakutsi du.

Childrain, bestalde, gasteiztarrak dira, eta potentzia handiko metala jotzen dute, hardcore zertzeladak tartekatuz. The Ocean alemaniarrek,  berriz, metal, sludge eta post-rock erritmoak uztartzen dituzte doinu hipnotikoak josteko. Azkenik, Toundra banda espainiarra talentu handiko musikariz osatua dago, eta IV diskoa argitaratu zutenetik, taldeak gora egin du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button