LITERATURA

Goizalde Landabasoren segurtasun-kopia poetikoa

Iratxe Fresnedaren eta Xabier Mendigurenen babesarekin, Goizalde  Landabaso idazle deustuarrak Babeserako kopia (Elkar) aurkeztu du gaur goizean Bilbon.

Lana duela hiru urte  hasi zen mamitzen, “nire buruari agindu nion egunero zerbait idatzi behar nuela”, eta gero liburu baterako materiala bazegoela ohartu zenean, liburua eraikitzeari ekin zion, izan ere, “poema liburu bat arkitektura lan bat da”.

Obra esku askotatik pasatu da, baina ukituak, orrazkerak eta destilazioak Harkaitz Canok eta Iratxe Fresnedak egin dizkiote Goizalderi, eta “hasierako poemak eta orain liburuan daudenak goitik behera aldatu dira”, eta agian horrexegatik, hotzak iruditzen zaizkio poetari: “hoztasunetik asko du poesia idazteak, eta batzuetan arrotz sentitu ditut”. Laster batean emanaldi berezi batean aurkeztuko du liburua. “Hor irakurriko ditut poemak eta agian berraurkituko ditut”.

Babeserako kopiak hiru atal ditu: Izan, Odola, eta Denbora. Liburuak ere Harkaitz Canoren hitzaurre ederrarekin apaindurik dator.

Lehen atalean, Izan-en, identitateari buruzko poemak antolatu ditu Landabasok, “nire buruari buruzkoak”…, “ni naiz lehortzen den ibaia…ni naiz ukitzen ez duen eskua”.

Bigarren atalean, sentimendu potenteek inarrosten gaituzten uneko sorkuntzak daude, bakardadeaz, tristuraz, poema erotikoak, eta abar. Eta azkenik, hirugarren atala denborak hartzen du osoki, eta bertan zahartzeaz aritzen da idazlea, memoriaz. “Memoria gara, eta beldurgarria da memoria galtzea, oroimenak desintegratzea, horrexegatik naizen hori eusteko ahalegina dago hemen, hor egongo da izan nintzen zati bat”.

Diogun bezala, idazleak Ane Zabala eta Galder Perezekin batera, errezitaldi-ikuskizuna eskainiko du azaroaren 25ean, Deustun, eta abenduaren 6an, Durangoko Ahotsenean.

POZTASUNA

Egunik dirdaitsuenean ere

hotz egiten du.

Zeruak arrakala ikusiezinak ditu.

harmoniak badaki zeozer anabasaren ernamuinaz.

Ikusten ez bada ere

munstro bat bizi da urpean.

Eta zu

hala ere

pozik bizi zara.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button