BERTSOTAN

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala, larunbatean

15 saioren ondoren, Donostian jokatuko den finalarekin amaituko da aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa larunbatean. Donostiako Illunbek hartuko du finala 17:00etik aurrera eta buruz buru jardungo dute bertan puntuaketaren araberako sailkatutako zortzi bertsolariak.

Hala,aurten oholtzan kantuan arituko diren finalistak, Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran izango dira.

Aurkezle lanak eta gai jartzaileak, aldiz, Ion Zaldua Brit eta Itziar Etxezarreta Arakistain ibiliko dira eta epaile lanetan, Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro.

Aurtengo txapela, halaber, Xabier Gaztelumendik jantziko dio irabazleari, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan bertsolaritza munduan egindako lan isila era horretan aitortu eta eskertu nahi izan baitio.

Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatu txapelketako fase bakoitzean. Hala, honako  egitura izan du: 18 bertsolarik lehiatu dute final laurdenetan, 12 bertsolarik finalerditan, eta finalaurrekoetatik sailkatutako zortzi bertsolarirekin jokatuko da orain finala. Azkenik, fase horietatik guztietatik, finaleko jarduna zortzi bertsolarik hasiko dute, eta puntu gehien metatzen duten bi bertsolarik lehiatuko dute aurtengo Gipuzkoako txapela.

Finaleko saioan, bertsolari bakoitzak burutu beharko dituen ariketak honakoak izango dira: Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; zortziko txikian, beste hiruna; bakarkako lanetan, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; hamarreko txikian, beste hiruna; eta azkenik, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Eta puntu gehien lortzen dituzten bi bertsolariak txapela eskuratzeko lehian, honako lanak egin beharko dituzte: Binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; eta azkenik, publikoak hain gustuko duen kartzelako gaia, alegia, bakarka egin beharreko ariketa,  gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, sarrerak Bertsozale Elkarteko webgune honetan eskuratu daitezke larunbat eguerdiko 13:00ak arte. Eta sarrerak agortu ezean, Illunbeko txarteldegian 15:00etatik aurrera. Bertaratzerik ez duenak, aldiz, saioa telebistaz jarraitu ahal izango du. Izan ere, ETB4 kateak osorik eskainiko du finala zuzenean. ETB1ek, berriz, gaueko albistegien ondoren egingo du bat finalarekin. Eta internet bidez, eitb.eus eta bertsoa.eus atarietan ere emitituko dute. Igandean, berriz, Hitzetik Hortzera berezia prestatuko dute finaleko bertsoaldi onenekin eta txapeldunaren elkarrizketarekin.

Informazio eta argibide gehiago duzue bertsoa.eus web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button