ESZENA

“Arte Eszenikoen Jardunaldiak” asteburuan hasiko dira Getxon

Arte Eszenikoen Jardunaldiak antolatu dituzte Getxon, urriaren 8tik 24ra bitartean. Betiko legez eszena-modalitate anitzak ikusteko parada egongo da bertan. Guztira, 11 ikuskizun izango dira adin guztietako zaleentzat.

Asteburu honetan hasiko dira antzezpenak, eta hala, gaur berton, urriak 8, Sun magoak Houdini izeneko ikusgarria egingo du. Bihar egun interesgarria izango da, izan ere, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy izango dira protagonistak Pascal Ramberten Maitasunaren itxiera antzezlanean. Arriaga Antzokiaren produkzioa Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapena da. Teatro Kamikaze taldearen La clausura del amor gaztelaniazko bertsioak ere arrakasta handia izan zuen.
Maitasunaren itxiera lanean protagonisten bakarrizketa-trukeak haizatuko dira, hiltzen ari den maitasunaren bortizkeriaz. “Beldurra eta askapena nahastuko dira bikotearen elkarrizketa lazgarrian, gizon baten eta emakume baten arteko borroka suntsitzaile eta gupidagabean”. Eta giro horretan intentsitatea, emozioa, pasioa, gordintasuna eta mina ez dira faltako.

Asteburu honetako azken emanaldia, urriaren 10ean izango da, igandean, Metamorphosis Dance (Iratxe Ansa) kolektiboak Al Desnudo piezarekin. Al desnudo obra normalean ikuslearen pertzepzioari ihes egiten dioten gai askori erantzuteko sortu da. Ansa eta Bacovichen hitzetan, “Ikuskizun bat beste ikuspuntu batetik nola hautematen den aztertzea interesatzen zitzaigun”. Al desnudo ikuskizuna fisikoki zorrotza eta dinamikoa da, eta hibridazio perfektua ematen da  musika eta mugimenduaren artean. Kontraste-joko batean, hasieraren sentsualitateak, hau da, kontzeptu klasikoak, pixkanaka-pixkanaka oso dantza fisiko eta esplikatuari bide ematen dio. Musika ere oso berezia da, Philipp Glass musikagilearena da.

Kontsultatu Arte Eszenikoen Jardunaldiak ekimenaren gaineko informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button