MUSIKA

The Guests eta Oki Moki taldeek Getariako gaztetxean joko dute

Datorren astelehenean, hilak 29, kontzertu interesgarria izango da Getariako gaztetxean. Batetik, AEBetako The Guests taldeak joko du, eta bestetik, Oki Moki getariarrek. Azken horiek, gainera, formazio berriarekin arituko dira, hirukote izatera igaro baitira, bateria-jotzaile berriaren ekarpena tarteko. Emanaldia 20:30ean hasiko da.

Philadelphia hiriko taldea The Guests, eta Getarian “Popular Music” (Sabotage, 2018) izenburuko diskoa aurkeztuko du; boskotearen estreinako lana da. Talde iluna da, synthpop, post-punk eta dark wave estiloetatik edaten duena.  Taldearen hitzak politikoak dira. Boskote estatubatuarraren arabera, “taldearen xedea gure entzuleei ulergarri egitea muturreko ezkerraren ideia politikoak konponbide bat direla pobreziaren eta desberditasunaren arazo globalen aurrean”. Sheer Mag taldeko musikari ohien egitasmoa da, eta bere proposamenean New Order, The Cure o The Smiths taldeen oihartzunak entzuten dira.

Getariko Oki Mokibikoteak Ocean Breeze izenburuko kasetea plazaratu zuen 2017an. Grabazioak bederatzi doinu zikin, baina gozo biltzen ditu, popean zein garage-punkean errituak, betiere, melodia itsaskorrekin jantziak. Honelako hitzak bota dituzte Oki Mokiren harira: “Pop-punk lo-fia. Kantu melodiko zaratatsuak”.

Berria egunkarian jasotako iruzkinaren arabera: “(…) grabazioan pop giroak nagusitzen dira, batzuetan izpi psikodelikoekin argituak, Picnic On My Bed-en adibidez; beste batzuetan, berriz, garage-punk energiarekin lohituak: Johanna’s dog. Taldearen bideo zoragarrietan ere antzera gertatzen da, batzuk eguzkipean jasoak dira, beste batzuk, ostera, hiriaren porlan hotzean filmatu dira, mahai-zapia eta janari-saskia etxe orratzen artean zabalduko bazenitu bezala”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button