Nontzeberri

“Ghero, azken euskalduna” antzezlanaren proposamena, Bilboko Azkuna Zentroan

Euskarak 365 egun behar baditu ere, datorren abenduaren 3a egun seinalatua da euskaldunontzat. Izan ere, Euskal Herriko hainbat herritan, euskara ikusarazi eta erabiltzeko hainbat ekimen prestatu dira Euskararen Eguna ospatzeko.

Hala, guk, Nontzeberritarrok, antzerki proposamen baterako  gonbitea luzatzen dizuegu: Ghero, azken euskalduna, Tartean Teatroaren antzerki obra.  Patxo Telleriak idatzitako gidoian oinarrituta, Ana Garayren eszenografiarekin eta Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Mikel Losada, Ane Pikaza eta Olatz Ganboa aktoreak arituko dira oholtza gainean, abenduaren 3an, Bilboko Azkuna Zentroko Auditorioan, arratsaldeko 19:30ean.

Egun berezia ospatzeko, gainera, gai aproposa jorratzen du  antzezlanak:  3000.urtera garamatza Ghero obrak,  azken euskaldun baten bizipenak  eta istorioa kontatuz. Euskara da protagonista nagusia, Telleriaren lanetan ohikoa den umore ukituarekin. Euskararen iraupenaren “harridura eta miresmena” erakusten da bertan, eta dozena bat hizkuntza desberdin erabiltzen dituzte aktoreek: ingelesa, frantsesa, gaztelera, txinera, katalana edo galiziera, “eta oraindik existitzen ez den fikziozko hizkuntza “globala” ere,  “3000.urtean, gizateria osoak egiten duena”, konpainiaren arabera. Euskaldunok askotan sentitu dugun euskararen transmisioaren zaman sakontzen du antzezlanak, “euskararen planeta inguruan orbitatzen duten 9 parabola edota antzerki poemen bidez”.

Euskaltzaindiaren 100.urteurrenaren harira, akademiarekin lankidetzan  ekoitzi takoa  lana, Azkuna Zentroan ez ezik, herri eta areto desberdinetan  ere eskainiko dira emanaldiak datozen egunotan: gaur bertan, Elorrioko Arriola aretoan, 20:30ean; abenduaren 1ean, Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean, 19:00etan; abenduaren 13an, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, 21:00etan; abenduaren 21ean, Zornotza aretoan, 19.00etan; eta urtarrilaren 18an, azken emankizuna, Astigarragan.

Argibide gehiagorako, sartu tartean.com webgunean.

Exit mobile version