ESZENA

“Ghero: azken euskalduna” antzezlanaren estreinaldia, azaroaren 20an

Tartean Teatroak Ghero: azken euskalduna izenburuko obra estreinatuko du azaroaren 20an, Arriaga Antzokian, Euskaltzaindiaren 100. urteurrenaren harira, izan ere, antzezlan hori euskararen akademiarekin lankidetzan ekoitzi da. Udazkenetik aurrera Euskal Herri osoko hainbat  antzoki eta aretoetan ikusteko aukera egongo dena.

Patxo Telleriak idatzitako gidoian oinarrituta, Ana Garayren eszenografiarekin eta Jokin Oregiren zuzendaritzapean, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Mikel Losada, Ane Pikaza eta Olatz Ganboa aktoreak arituko dira oholtza gainean, Tartean Teatroak formatu handirako dakarren proposamen berrian. Musika, Iñaki Salvador piano-joleak, ikuskizunerako propio sortutakoa da.

Euskara da protagonista nagusia obran. Hala, 3000. urtera garamatza Ghero-k eta azken euskaldunaren istorioa kontatzen digu, Telleriaren lanetan ohikoa den umore ukituarekin. Euskararen iraupenaren “harridura eta miresmena” erakusten da bertan, eta dozena bat hizkuntza desberdin erabiltzen dituzte aktoreek: ingelesa, frantsesa, gaztelera, txinera, katalana edo galiziera, “eta oraindik existitzen ez den fikziozko hizkuntza “globala”, 3000.urtean, gizateria osoak egiten duena”, konpainiaren arabera. “Euskaldunok askotan sentitu dugun euskararen transmisioaren zaman sakontzen du antzezlanak, “euskararen planeta inguruan orbitatzen duten 9 parabola edota antzerki poemen bidez”.

Estreinaldia, Bilboko Arriaga Antzokian azaroaren 20an bada ere, Iruñea, Gasteiz eta Donostia hiriburuak ez ezik, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan ere hainbat emanaldi eskainiko ditu konpainiak.

http://tartean.com/ez-dok-hiru/ghero-azken-euskalduna/

 

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button