LITERATURA

Hiriak eta hautsak

Hauts Haietatik (Elkar) nobelaren aurkezpena eta Hiri asko bere baitan zuzeneko emanaldia antolatu dira, apirilaren 8an, Bilboko Hika Ateneon. Sarrera doan izango da.

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailaren Gazteria zerbitzuak antolatutako 2014ko Ideiak Martxan lehiaketan saridun suertatu zen proiektuetariko bat Hiri asko bere baitan izeneko egitasmoa izan zen. Sorkuntza, Bilbo eta euskara ardatz hartuta, literatura, musika eta argazkigintza nahasten ditu ekimen honek.

“Hiri honek hiri asko ditu bere baitan ezkutuan, seguruenik ez zaizkigu begi-bistakoak irudituko, sumatu ere ez ditugu egingo, baina bertan daude” esaldiak ematen dio hasiera argazkigintza, literatura eta musika uztartzen duen ikus-entzunezko emanaldi honi. Ikuskizunaren oinarria, Aitor Gómez, Asier Olabarrieta eta Unai Villenak Bilboko barrutietan barrena egindako sorkuntza prozesuak emandako argazki-testu-musika dira. Obra hauek aurretik www.hiriaskoberebaitan.com blogean, argazki-erakusketa eta disko-liburuxka formatuan eman dituzte ezagutzera.

Orain, 2015eko otsailean estreinatu zenez geroztik Euskal Herriko hainbat txokotan taularatua izan eta gero, berriz izango da Bilbon Hiri asko bere baitan ikuskizuna, apirilaren 8an, 19:30etatik aurrera, Hika Ateneon. Hiriak ezkutatzen dituen hiriekin batera, hautsak ere izango dira protagonista oraingo honetan, Unai Villenak idatziriko Hauts Haietatik nobelaren (Elkar, 2016) pasarteak txertatuko baitira ohiko ikuskizunean, liburua aurkeztu eta paperaren mugak hedatzeko helburuarekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button