MUSIKA

Getxoko Jazzaldiak kartel borobila ekarriko du

Uztailaren 3tik 7ra egingo den Getxoko 43. Jazzaldiaren saio nagusiak definitu dira, eta kostaldeko herrira, aurten, Julian Lage gitarra-jotzailea, Kenny Barron pianista, Paquito D’Rivera klarinete- eta saxo-jotzailea, Andrea Motis eta Madeleine Peyroux artistak etorriko dira. Guztira, jazz denboraldi luzea zabalduko duen jaialdian 16 emanaldi atondu dira.

Uztailaren 4an Julian Lage  (1987, Kalifornia) jardungo da Getxon. Lage etorkizun handiko artista da jazzaren munduan. Jazzaren izen handiekin elkarlanean aritu da, esaterako Gary Burton, Jim Hall, David Grisman, Béla Fleck eta Charles Lloydekin. Lau disko egin ditu taldeko buru gisa; horietako azkena, Love Hurts, pasa den hilean kaleratu zen.

Hurrengo egunean, uztailaren 5ean, Kenny Barron (1943, Filadelfia) pianistaren txanda izango da. 12 urte zituela hasi zen pianoa jotzen, 1957an profesional gisa jarduten hasi zen eta handik urte gutxitara New Yorkera bizitzera joan zen. Roy Haynes, Lalo Schiffrin, Ron Carter, Freddie Hubbard, Stanley Turrentine jo izan du, bai eta Yusef Lateef, Milt Jackson, Jimmy Heath eta Stan Getzen bandetan ere.

Paquito D’Riveraren (1948, Marianao; Habana) eskutik amaituko da jazzaldia uztailaren 7an. Haur prodijioa zela bakarlari gisa hasi zen jotzen eta handik urte gutxira Kubako Orkestra Sinfoniko Nazionalean sartu zen. Getxon zazpikotean jardungo da Cariberian Tour biran murgilduta; horretarako, Falla, Albéniz, Rodrigo eta Tarrega konpositoreen piezak eta fado portugaldar onenak latin jazzera moldatu ditu.

Baina jaialdiaren lehenengo egunean Andrea Motis tronpeta-jotzaile eta abeslaria arituko da, etorkizun handiko artista eta estatuko eszenan nabarmendu dena. Eta uztailaren 6an, Madeleine Peyroux jardungo da, nazioarteko jazzaren ahots handienetariko bat. , hain zuzen ere. Madeleine Peyroux (1974, Athens; Georgia) XX. mendeko jazz eszenan sortutako abeslari arrakastatsuena da eta bere ahotsa Billie Holidayarenarekin alderatzen dute.

Hauez gain, Talde Lehiaketako kontzertuak ere izango dira. Aurten, 66 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epai-mahaiak finalerako: Poloniako Szymonklekowicki Sextet, Claudio Jr. de la Rosa laukote holandarra eta Espainiako Marc Martin Trio eta José Ángel Llorente 5et.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button