ESZENA

“Getxoko Islak”, diziplina anitzeko ikuskizuna

Azaroaren 21a eta 24a bitartean, Getxoko Kultur Etxeak ekoiztutako Getxoko Islak izeneko diziplina anitzeko ikuskizuna garatuko da, bertako hainbat kantu, dantza eta antzerki elkarteren parte hartzearekin. Muxikebarri Zentroko Ereaga aretoan taularatuko da ikuskizuna.

Pablo Viar zuzendari artistikoak gidatutako obra horren bidez, “udalerriko aberastasun kulturala erakutsi, tokiko elkarteen partaidetza indartu eta horiek egiten duten lana erakutsi nahi da”.

Izen garrantzitsu asko bildu dira emanaldiari forma emateko sasoian: testuak Unai Elorriagarenak dira. Javier Liñera dramagileak, Jose Luis Raymond eszenografoak eta Miguel Salvador musikariak ere parte hartuko dute. Bertan ere, sei abesbatza, euskal dantzen bi talde, hainbat estilotako dantza akademia eta taldeak, antzerki-interpretazio zentro bat eta Andres Isasi Musika Eskolako ikasleak bilduko dira. Eta horiekin guztiekin, Matxalen Bilbao dantzari eta sortzaileak ere parte hartuko du, berak prestatu baitu ikuskizunerako koreografia bat. Guztira sei funtzio egingo dira eta bakoitzean, txandaka, kolektiboek hartuko dute parte, hortaz saio guztiak ezberdinak izango dira.

Herriko lau artistak egindako lan bisualekin osatuko dira ekitaldiak. Merce Zuluetak kostaldean jasotako materialekin egindako piezez Mandalas de mujer lana egin du. Bestalde, Pablo Zabala eta Ibon Garagarza sortzaileek udal artxiboko argazki batetik abiatuta egindako koadro bat eta Fingers pointing at izeneko instalazioa bideratuko dute. Azkenik, Mikel Klemente artista bisualak bideo-instalazioa diseinatu du ekimenerako.

Musika ez da faltako, eta horretarako Musika Eskolako ikasleen eta horren baitan dauden hainbat talderen kontzertuak, eta Algortako Bertsolari Eskolaren saio bat ere egongo dira Getxoko islak ekimenaren egitaraua osatzeko.

Antolatzaileen hitzetan, “ekimenak komunitatearen eta hainbat belaunaldiren arteko ospakizun gisa sortu zen. Askotariko gaitasun artistikoak dituzten adin guztietako getxotarrek beren talentua eta udalerriko bizitza kulturalari egiten dioten ekarpena erakutsiko dute. Proiektu inklusiboa ere bada; izan ere, gaitasun anitzeko taldeek parte hartuko dute, eta berdintasuna, tolerantzia eta elkarbizitza bezalako balioak indartuko dira.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button