LITERATURA

Mikel Ibargurenek “Joan da negua” liburua kaleratu du

Susa argitaletxeak Mikel Ibargurenen Joan da negua poema liburua argitaratu berri du. “Barrutik ateratako garrasi ozen bat da Joan da negua”, dio egileak.

Mikel Ibarguren 1967an jaio zen Zestoan. Gaur egun Ziburun bizi da. Lau poema libururen egilea da: Hemen gauak lau ertz ditu (1996), Deserriko karrikak (2002), Ahapetik (2007) eta oraingo hau, Joan da negua (2011).

Hitzaurrean, tituluaren gaineko azalpenak eman dizkigu egileak: “Gabriel Arestik bere garaian “joan zen uda eta negua heldu da” idatzi bazuen ere, aldaera txiki baten lizentziaz, alderantzizko bidea egin dut Joan da negua poema liburuarekin. Berriki oso ezaguna egin den Zea Mays musika taldearen kantuak dioen legez, nire negua amaitu dela adierazi nahi izan dut. Liburua idatzi nuen garaiko barne egoeraren metafora da neguarena, joan den negu larri batena.

Eta geroago liburua nondik sortu den eta zertan den ere, modu zuzenean esplikatzen du:  “Esku artean duzun Joan da negua berri hau, hala ere, bizi izan dudan garairik zailenean idatzitako liburua izan da. Ez zait samurra egin liburua burutzea. Inoiz baino behar handiagoa izan dut gauzak azaltzeko, eta ez dut erdizkako lanik egin nahi izan, ezta ere nire gogoetei egiantzekotasun soil bat eman, azaletik arituz. Barru-barruko premia bati erantzun diot Joan da negua liburuarekin; hitza ipini diet nire arrangurei eta sentipen gordinenei. (…)

Bizitza, maitasuna eta heriotza ditu ardatz liburuak; bakardadea, zoriona eta denboraren joana bezalako kontzeptuekin hezurmamiturik. Nire bizipenak eta gogoetak azaltzen dira, eguneroko ahaleginean eta hausnarrean darabiltzadan gaiak.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button