MUSIKA

Getxoko 23. Nazioarteko Blues Jaialdia prest dago

Kostaldeko herri honetako musika jaialdien sasoia Getxo&Bluesaren eskutik hasiko da, eta, gainera, Otis Taylor, Corey Harris, Javier Vargas Blues Band, Devon Allman eta Charmaine eta Charles Neville artista handien kontzertuak hartuko ditu.

Getxoko 23. Nazioarteko Blues Jaialdia, ekainaren 17tik 20ra luzatuko da aurten. “Honekin batera hasi egiten dira udako musika jaialdien sasoia Getxon. Honela, musika honetaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen zaie getxotarrei zein zale orori. Eta modu honetan ere, herri dinamikoagoa eta kultur parte-hartzailea egiten dugu Getxo, bertoko ostalaritza eta merkataritzari sostengua ematen diegun bitartean”, esan du Koldo Iturbe Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotziak.

Aipatu bezala, Otis Taylor, Corey Harris, Javier Vargas Blues Band, Devon Allman eta Charmaine eta Charles Neville artistek bisita egingo diote jaialdiari zaleen gozagarri.

Artista hauen kontzertu guztiak, Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etan.

Lehen ikuskizuna hilaren 17an egingo du ibilbide sendoko Javier Vargas artistak. Musikariak soinu anitzak uztartzen ditu erro afroamerikarra duen musikarekin. Vargas Blues Band taldeak, Devon Allman gitarra jotzaile eta abeslariaren laguntza izango du.

Hurrengo egunean, larunbatean, jaialdiko egun nagusia izango da Otis Taylor-en eskutik. Blues psikodelikoak eta hipnotikoak egiteko gaitasuna garatu du artista honek. Taylorrek beste artista handi bat izango du lagun, Corey Harris. Soinuak fusionatzeko duen trebetasunak eta musika-ikerketaren alorrean erakutsi duen interesak izar interesanteenetariko bat bilakatu dute.

Azkenik, hilaren 19an, igandean, Charmaine Neville ariko da bere aitak lagunduta, New Orleanseko inauteriko soinuak barreiatuz.

Hauez gain, bi kontzertu doako eskainiko dira, betiko lez, Algortako the Piper’s Irish Pub lokalean. Gaueko 23:00etatik aurrera, hilaren 17an, Los Blues Morning Singers banda getxotarra arituko da, eta larunbatean, hilak 18, Maraya Zydeco asturiarra.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button