ARTEA

Gertakari hutsalei erreparatuz

Urrira bitartean, Bilboko Guggenheim museoak Jesper Just: ikuskizun izengabe hau izeneko bideo-instalazioa jarri du ikusgai. Bi kanaleko bideo-instalazioa aurrez aurre ezarritako bi pantailatan, gertakari hutsalei erreparatu nahi izan die Jesper Just artistak Ikuskizun izengabe hau obrarekin.

Jesper Just (Kopenhage, 1974) oso ezaguna da nazioartean zinema-produkzio handietako baliabide ugari erabiltzeagatik eta filmaren egitura bisualki eta materialki berrinterpretatu nahi izateagatik.

Museoak argitu duenez, “Ikuskizun izengabe hau (This Nameless Spectacle, 2011) lanak William Carlos Williams idazle estatubatuarraren The Right Way poemari zor dio izena. Poetak eguneroko bizitzako egoera interes-gabeen edertasun liluragarria goraipatzen du: edonoiz eta edonon gure begi aurrean gertatzen diren fenomeno txiki horien ikuskizun izengabe hori. Gertutik begiratuta, gertakari hutsal horiek edertasun zoragarri bat dute, enigma aztoragarri bat, edo egia ahaztu bat.”
Pantailetan ikusten den filmak “kausa eta efektuen kate hipotetiko bat” eskaintzen digu. Hala, filmak honakoak kontatu nahi du: “Tarte labur batez, bi pertsonaiak elkar aurkitzen dute Parisko Buttes-Chaumont parkean, eta elkarri begiratzen diote. Parez pare kokatuta dauden beren apartamentuen leihotik ere begiratzen diote elkarri, baina, azkenean, batek krisialdi bat jasaten du, beharbada besteari begiratzeagatik, edo besteak begiratu egiten diolako, edo eguzkiaren isla biziagatik. Gertakari horren anbiguotasuna areagotu egiten du protagonista Marie-France Garcia aktore eta abeslari transgeneroa izateak. (…) Istorioa hutsala da, baina giro dramatikoa Hitchcocken filmetakoaren parekoa da ia. Aldiz, ez denez ezer esaten edo ez denez ekintzarik deskribatzen, are anonimoago bihurtzen dira pertsonaiak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Cookie propioak erabiltzen ditugu, bai eta hirugarrenen cookieak ere, zure nabigatze-esperientzia eta gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, euren erabilera onartutzat joko dugu.Ikusi cookien politika.

ACEPTAR
Aviso de cookies
Tresna-barrara saltatu