ARTEA

Gentz del Valle artistaren “Perséfone no habla” instalazioa, Irungo Menchu Gal Museoan

Emakumearen lanak ikustarazteko apustuan, atal berri bat ireki du museoak erakusketa honekin eta artista bizkaitarraren hogei obratik gorako instalazioa, datorren irailaren 8ra arte bisitatu ahalko da.

Izan ere, Menchu Galen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko esklusiboki sortutako obra bilduma bat da, artearen bidez emakume-irudiari buruz hausnartzea helburu duena. Bertan, marrazkiak, argazkiak, eskulturak eta instalazioak konbinatzen ditu artistak, zura, ispiluak, oihalak eta metala erabiliz.

Perséfone no habla erakusketak, “antzinako mito greziarrak iradokitako irudietatik abiatuta eta hainbat material eta teknika erabiliz -marrazkia, argazkia edo jostura-, lan ugarik osatutako instalazio oso bat da, artearen bidez munduaren egoerari erantzuna ematen saiatzen dena”, azaltzen dute museoko arduradunek.

Hala, artistaren mundu fina erakusten du instalazioak, eta gardentasun eta mugimendu leunekin batera, bere marrazkien potentzia sendo eta indartsua antzematen da. Bi aretoen espazioa erabiltzen du artistak ikusleari ibilbide zehatz bat egiteko aukera emanez, eta bi espazioak elkartzen dituen pasabidea, gainera, “erakusketak proposatzen duen esperientzia estetikoaren zati gisara ulertu behar da”, gaineratzen du artistak.

Gentz del Valle (Lekeitio, 1957) Arte Ederretan doktorea eta marrazketa-irakaslea da EHUn. Bere obra, Irunera iritsi baino lehen, Donostian eta Bilbon ikusi ahal izan da, baita Balenciaga Museoan (Getaria), Art Brussels, Art Cologne, Madrilgo La Neomudejar Museoan, edota Bilboko Bb.A.A. Museoan, besteak beste.

Bere ibilbide artistiko luzean zehar gai ugari jorratu ditu, besteak beste, gizarte garaikidea eta ondorioz, arte garaikidea, sinboloen eta mitologiaren metaforak, emakumeen irudiarekin uztartuz. “Erakusketaren helburua, barneratuta ditugun gizarte-ereduak eta desberdintasunak zalantzan jartzeko ikuslea hausnarketa egitera bultzatzea da”, argitzen dute Museoko arduradunek.

Erakusketaren ordutegia eta informazio osoa, hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button