Nontzeberri

Genero ikuspegitik sorkuntzaren eta industriaren politikak aztertuko dira, Donostian

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Genero politikak eta programak kulturan jardunaldia antolatu du datorren azaroaren 30ean, Donostiako Miramar Jauregian.

Jardunaldien xedea sorkuntzaren eta industriaren ikuspegitik, genero-berdintasuna aztertzea izango da. Horretarako, hainbat diziplinatan zenbait adituk egin dituzten ikerketak jarriko dira mahai gainean eztabaidagai.

Hala, arte eszenikoen, literaturaren eta musikaren arloko sorkuntzako industriaren lanak aurkeztuko dituzte goiz partean egingo diren mahai inguru eta eztabaidatan. Horretarako, aipatutako sektoreetako zortzi profesional elkartuko dira, ikerketei aztertutako errealitate bakoitzaren begirada errealista bat emateko asmoz.

Era horretan, musikaren sorkuntzaren mahai inguruan (09:40etan), Ainara Legardon eta Amaia Ispizuak egindako lanen ikuspuntuak aztertuko dira (rock independentearen eszenako eta soinu-esperimentazioaren alorrean eskarmentua du lehenak, eta musika jaialdiak antolatzen, marketin eta komunikazioko aditua da bigarrena).

Ainhoa Novo, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Dekanordearen eta Tere Irastortza sortzaileen lanak izango dira xede, liburu sorkuntzaren industriari lotutako mahai inguruan (10:00etan). Bertan, euskal emakumezko idazleen historiaren nahiz orainaren ikuspegia emango dute.

Dantza sorkuntzaren inguruan, aldiz, Igor de Quadra eta Jemina Cano sortzaileen begiradak izango dira eztabaidagaiaren abiapuntu (10:20ean). Eta Antzerki sorkuntzan, berriz, Eneritz Artetxe eta Maria Goiricelayaren lanak jarriko dira eztabaidaren erdigunean (10:40ean).

Arratsalde partean ere, diziplina horiek izango dira ardatz lantegitan. Bertan parte hartzeko interesa baduzue, aurrez izena eman behar duzue lankor.eus web atari digitalaren bitartez.

Antolatzaileen esanetan, Genero politikak eta programak ekimenaren helburu nagusia, “arte eszenikoen, literaturaren eta musikaren alorrean emakumeen eta gizonen berdintasunaren egoerari buruzko azterketa informatu bat osatzea da, bai sorkuntzaren ikuspegitik eta baita industriaren ikuspuntutik ere”.

Era berean, azterketa horietatik abiatuta, sortzen diren ondorio edo emaitzak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak baliatuko ditu, berdintasun programak eta jarduerak diseinatzeko edota abiarazteko.

Egitarauaren xehetasun gehiagorako, klikatu hemen.

Exit mobile version