IKUS-ENTZUN

Gaztezulo aldizkariaren II. Bideo Lehiaketa abian da

Gazteei zuzenduriko Gaztezulo aldizkariak II. Bideo Lehiaketa abiatu du. Orotara, 2.000 euro daude jokoan eta azaroaren 1etik 15era bitarte aurkeztu ahalko dira filmak; euskaraz izan beharko dute.

Parte-hartzaileak 16 urtetik gorako gazteak izango dira eta Hi eta hire munduak gaia izango dute ardatz. Lanek gutxienez minutu bat iraun beharko dute eta gehienez hiru.

Pertsona edo talde bakoitzak nahi beste lan bidal ditzake. Bideoak Youtubera igo behar dira lehenik, eta bertatik kode enbotatua hartuta, gaztezulo.com webguneko Bideo Lehiaketa atalean dagoen formularioa bete beharko da.

Lehenengo saria 1.500 eurokoa izango da eta bigarrena, aldiz, 500 eurokoa. Azkenik, ikusleen boto gehien biltzen dituen lanaren egileak produktu elektronikoz eta Gaztezuloren materialez hornitutako otarrea jasoko du.

Bestalde, lehiaketa horrekin batera beste bi ekimen iragarri ditu Gaztezulok. Batetik, II. Gaztezulo Saria, 2011.urtean eginiko lanarengatik gazte batek jasoko duen saria; eta bestetik, ekimen berri bat: 2000.urtetik 2010era bitarte euskaraz eginiko kanturik gustukoena bilatuko du Gaztezulok bere irakurleen artean. Horretarako, Gaztezulo.com baliatuko dute. “Bi Fase bereiztuko ditugu. Urte amaiera bitarte, fase erabat irekia izango da. Urte berriarekin batera, ordea, aurreko asteetan zehar boto gehien pilatu duten 5 Taldeen artean zentratuko da lehia”.

Hiru ekimenen inguruko informazio guztia hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button