ARTEA

Tabakalerak “El Sueño de la sultana” erakusketa abiatu du

Isabel Herguera artista donostiarraren animazioko lehen film luzearen sorkuntza-prozesuan oinarrituriko El sueño de la sultana erakusketa abian da Tabakaleran. Mostra hori urtarrilaren 7ra arte bisitatu ahal izango da.

Artista horrek eginda filma Rokeya Hussain idazle bengalarrak idatzitako izenburu bereko ipuin feministan oinarrituta dago, eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatuko da aurki.

Erakusketa hainbat sormen-gunek osatzen dute. Adibidez, Isabel Herguerak Indian 2005etik 2017ra egindako marrazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak. “Garai hartan hasi zen filma imajinatzen eta Indiako hiri handietako zalapartaren eta jendetzaren bitartez giroa eta bizitza mugimenduan atzematen. Akuarelan egindako marrazkiekin batera, soinu-instalazio batek filmeko eszenak gertatzen diren lekuak ekarriko ditu gogora: Kalkuta, New Delhi, edo Ahmedabad. Proiektuak 2013an hartu zuen forma, artistak Indian eman zituen tailer batzuen ondoren, eta ekoizpen-fasean sartu zen duela hiru urte baino gehiago.”

Beste aldetik, tatuajeen (mehndi) teknikarekin egindako muralak ikusi ahal izango dira. Teknika hori milaka urte dituen artea da, eta hennarekin lantzen da.

Gainera, Isabel Herguerak bere bidaia-koadernoak laga ditu erakusketarako. Koaderno horietan, artistak Marsillianan (Italia), Kolonian eta Donostian igarotako aldietako storyboard ugari daude. “Leku guztietara eramaten dut nire koadernoa; zenbaitetan, koadernoa nirekin izate hutsak lasaitu egiten nau. Orrialde horiek zabaltzen ditudanean, etxean sentitzen naiz. Zenbaitetan, bakean nagoenean marrazten dut, baina gehienetan lasaitasunaren bila nabilenean. Marrazteko ekintza pribatua da, baina koadernoa amaituta dagoenean, ez dut nirea denik sentitzen. Nitaz askatu egiten da. Publiko bihurtzen da”, adierazi du artistak.

Erakusketarekin batera jarduera-programa zabala eskainiko da. Ángel Peris artista bisualak, Atlas. Artea paper gainean eta tinta txinatarrarekin tailerra eskainiko du, eta Izibene Oñederra eta Begoña Vicario zinegileek, berriz, animazioko film laburren saio batean parte hartuko dute. Gainera, bisita-solasaldiak, familiarteko arte-saioak, multiplano bat eraikitzeko tailer bat eta zinema mintzatuko saio bat egingo dira.

Xehetasun guztiak Tabakalerak dauzka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button