IKUS-ENTZUN

“GaztefilmFest” jaialdia abiatuko da gaur, Gasteizen

Gasteizek GaztefilmFest jaialdia hartuko du, ume eta gazteei zuzendutako zinema jaialdia, hain zuzen. Bertan, asteburu honetan hasita, abenduaren 1era bitarte, aniztasuna eta kalitatea oinarri hartuta,  mundu guztiko film aukeratuak eskaintzen ditu.

Hala, aurtengo edizioan, 120 ikus-entzunezkotik gora proiektatuko dira 10 egunez, Artium Museoan, Vital Fundazioaren aretoan, Florida zinema-aretoetan eta Aldabeko eta Zabalganeko gizarte-etxeetan.

Gasteizko Udaleko kultura sailak antolatuta, jaialdiak ikusle gazteenak hezten jarraitzearen aldeko apustua egin nahi du. Horretarako, programazio osagarria ere ondu dute, esaterako, animazio, soinu,  eta sormen artistikorako lantegiak profesional handien eskutik, Zazpi T’erdi kolektiboa, Ariadna Murguialday edo Alfredo Costa Monteiro profesionalak, besteak beste.

Biharkoan, adibidez, animazio tailerrak garatuko dira 10:00etatik aurrera, Aldabe liburutegian. Bertan, nobela grafikoaren hizkera oinarri hartuz istorioak kontatzeko modu berritzaileak eta sinpleak landuko dira, denentzako eskuragarri dauden animazio teknikak eta teknologiak erabiliz.

Zuzeneko musika eta kontzerturik ere izango da: Gazte Orkestraren eta Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko beste zenbait talderekin lankidetzan. Hala, igandean, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan, Norman Mclaren artista omenduko dute, bere sortzeko modu bereziarengana hurbiltzeko asmoz. Gainera, McLaren animatzaile esperimentalaren obraren atzera-begirakoa egingo da.

GazteFilm jaialdiaren web orrian eta sare sozialetan eskuragarri dituzue programazioaren xehetasun guztiak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button