MUSIKA

HAN taldeak estreinako lana argitaratu du Bonberenea Ekintzak-en laguntzaz

Elorrioko HAN bandak lehendabiziko disko homonimoa plazaratu du, LP eta CD formatuetan, Tolosako Bonberenea Ekintzak plataformaren bitartez. Diskoak AEBetako indie-rock-aren ondaretik edaten duten bederatzi doinu biltzen ditu.

Lehenengo entzunaldian, 80ko urteetako Hüsker Dü banda estatubatuarraren trazak nabaritu ditugu lehenengo kantuetan, batez ere Igeri egiten doinuan, edo Pixies-ena Mugitzen doinuan. Gitarra zikinak bezain melodikoak dira, Nerea kantariaren ahotsarekin egoki nahasten direnak, oinarri erritmikoak sendotasuna transmititzen duen bitartean.

Bonberenea Ekintzak iragarri duenez, taldekideen artean ibilbide luzeko musikariak daude, eta eskarmentu hori nabarmena da abestietan. Hala, taldekideen artean Ama Say eta Yakuzin aritutako Gorka dago, bai eta Lisaboren teknikari izandako Karlos.

Laukotea duela bi urte inguru eratu zen Elorrion, eta lehen disko hau Bonberenean grabatu dute, Karlos Osinaga Txap teknikariaren gidaritzapean.  Bonberenearen arabera, “Ziur gaude zeresana emango duen taldea dela, haize freskoa dakarrelako eta maisuki landutako diskoa delako”.

Larunbatean, lan interesgarri horretako kantuak joko dituzte Tolosako Bonberenan, Zura taldearekin batera; urriaren 27an, halaber, Gasteizko Parral tabernan izango dira; azaroaren 28an, beren herriko Arriola Kultur Etxean izango dira, eta amaitzeko, abenduaren 10ean, Arrasateko gaztetxean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button